Adriana Urmeneta

·

Errigorako kidea

«Ohore handiz hartu dugu 24.Korrikaren omendua izatea!»

Ohore handiz hartu dugu 24.Korrikaren omendua izatea!
Errigora auzolanari esker bizi da, laborarien eta euskararen alde eginez. ERRIGORA
Ainize Madariaga
2026/03/11 06:00

Errigora duela hamahiru urte sorturiko herri-ekimena da, zeinak Nafarroa erdialde eta hegoaldeko eremuetan ekoiztuak diren elikagaiak Euskal Herriko gainerako eskualdeetarat hedatzen baititu.

Irabaziak, gero, Nafarroa erdialde eta hegoaldean euskara akuilatzeko baliatzen ditu, hain xuxen ere, hizkuntza-zapalkuntza handia pairatzen duen eremua baita. Auzolanak du posible egiten ekimen hau, dituen mila sarekideei esker.

Urtean bi kanpaina egiten ditu Errigorak urte guziez, alde batetik, larrazkenekoa, Euskarari puzka, eta bertzetik, oraingoa, primaderakoa: Eskutik eskura izenekoa.

Lehen kanpainako mozkinak kartoika saltzen ditu, erran nahi baita, erosleak hauta dezakeela zein kartoin, baina osorik hartu behar du.

Eskutik eskura kanpainan, aldiz, erosleak hauta dezake zein mozkin nahi duen, baina kopuru handietan eskatu behar du, urtean behin eskatu baina urte guzirako erreserba eginik. Preseski, primaderako kanpaina honetan eskatzeko epea zalu akituko da: martxoaren 18an. HEMEN klikatuz egin daiteke.

2026ko larrazkeneko kanpaina honi lema berezia eman diote: Eskutik eskura egiten dugu herria. Aldarrikatu nahi izan baitute hizkuntzaren bidez egiten dela herria baina baita elikaduraren bidez ere bai. Erosleak egiten dituen hautuek sekulako eragina baitute herri batengan, bertzeak bertze, Errigorako sarean 900 laborari baitira lanean ari, eta Errigoran erosiz gero, haiei ematen baitzaie bizitzeko parada, eta gainera, euskararen alde egiteko.

Oliba olioa, piperrak, txitxirioak eta zainzuriak dira Errigorak proposatzen dituen mozkin arrakastatsuenak, denak ,erran bezala, Nafarroa erdialde eta hegoaldean ekoiztuak.
Haatik, berritasuna badakar larrazkeneko kanpaina honek; lau arno mota eska daitezke: arno gaztea, ondua, erdi ondua eta naturala dastatzeko parada ematen du. Bestalde, piperrak izanen dira, baina zatikatuak, izan ere, urte txarra izan baita.


Ezin bazterrat utz, 24.Korrikaren omendua dela Errigora, eta horrek sekulako poza ekarri diela aitortu digu Adriana Urmeneta Errigorako kideak: "Ohore handiz hartzen dugu".

Karia horretara, egitarau berezia antolatu dute Korrika Kulturalaren baitan: hainbat herrietatik pasako dira, bertzeak bertze, martxoaren 16an, Donapaleuko Touza etxean, 19:00etan: Errigoraren aurkezpen marrazkitua prestatu du Asisko Urmenetak. Errigoraren filosofia eta desafioak aurkezteaz gain, publikoarekin batean hausnartu nahi dute euskararen eta elikadura burujabetzaren inguruan.
Ondotik, Errigorako mozkinak dastatzeko parada izanen da.

Laburtuz, Errigorak proposatzen dituen mozkin oro Nafarroa hego eta erdialdean ekoiztuak dira, euskaraz etiketatuak, ekoizle horiek euskara-plan bat martxan dute, laborariekiko bidezko harremana bermatua dute, eta, bukatzeko, ekoizle eta bolondresen arteko auzolana Errigoraren baitezpadako baldintza da.



Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu