Jagoba Arrasate futbol entrenatzaile bizkaitarra izanen da Euskal selekzioko prestatzailea, larunbatean Euskal selekzioak Palestinakoaren kontra jokatuko duen partidan. Ohore bat izanen dela erran digu Goiz Berri emankizunean egin diogun elkarrizketan.
Ostiralean bilduko da jokalariekin Arrasate, partidaren garrantziaz ohartarazteko eta federazioko presidenteak ere hitza hartuko duela gehitu du prestatzaile bizkaitarrak. "Bere burua aurkeztuko du jokalarien aurrean presidenteak, eta hemendik aurrerako pausoen berri emanen die. Badakigu zer partida dugun larunbatean, baina paraleloki gure bidea egiten jarraitu behar dugu", adierazi du Jagoba Arrasatek.
Bi engaiamendu uztartu nahi ditu Jagoba Arrasatek larunbateko selekzioaren partidarekin: "Ofizialtasunaren alde pausoak ematen jarraitu behar dugu. Konpromisoak behar ditugu, lehenbizi herritarrak, gero jokalariak, teknikariak, eta baita politikarienak ere, eta bestalde, 'genozidioari stop' esan nahi diogu, eta Palestinako herriari gure elkartasuna erakutsi".