Udalbiltzak antolatzen duen Geuretik Sortuak izeneko egitasmoan parte hartu du Miren Artetxek: Atxondon (Bizkaia) izan da hiru astez, etxe ttipi batean, Anbotoren magalean.
Baliatu da eguneroko errutina eteteko eta toki eta une bati lotzeko.
Proiektua aurkeztu zuenetik arrunt aldatu da obra: heriotza bat bada eta protagonistak emazte xaharrak dira, hori bai ez dela aldatu, baina gainerakoa bai. Miren Artetxek amatxi zenaren garaiari gaur egungo begiradatik so egin nahi izan dio, orduko harremanei, hain justu ere.
Hala, Atxondoko emazte xaharrengana joan da eta haien gaztaroko egunerokoa entzun die, eta horietan giroturik du idatzi ipuina, laborantza giroan, Axpe auzoan. Gaztetatik adiskidide diren bi emazte dira protagonistak. Bien arteko harremana du ardatz ipuinak.
Familia ereduez gogoeta egin du Artetxek, ustez oraingo familia-ereduak berriak direla, uste du aise lehenagotik ere bazutela antolatzeko manera franko. Konparazione, bi emazteen arteko harremana biziki konplexua baita, ez baita dirudien bezalakoa. Edo, kontrara, biziki naturalki bizitzen duten hori, kanpotik ikusia ez da kalifikatzen.
Erran behar da Miren Artetxeren lehen idatzia dela argitaratzen duen hau, nahiz eta aspalditik horretan ari den. Berez, soziolinguistikan lan egiten du, baina egunerokotasuna "sinplifikatu" zaionez, parada ukan du denbora libre baten hartzeko eta sorkuntzan murgiltzeko.
Ipuinek ez dute deus aldatuko, ez baita produktiboa, baina sorkuntza plazer momentua dela aitortu du.
Ipuina idatzi eta gero, Atxondon aurketu zien biztanleei, "biziki biziki polita" izan dela azpimarratu du. Orotararik hurbildu zen ostatura, publiko "biziki goxoa". Eta ipuinak entzun ahala, "oiartzun egiten" zieten, hala, "kanal" bat bilakatua zen ipuina Miren Artetxe eta Atxondotarren artean.