Senpereko Zaluaga gunean eguzki-energia sortzeko proiektu estrategiko bat abiatu dute I-ENER kooperatiba herrikoiak eta ENARGIA hornitzaileak elkarlanean. Hondakin-biltegi ohia energia berriztagarrien ekoizpen gune bihurtuko da, eremu degradatua balio berriz hornituz eta tokiko trantsizio energetikoan urrats sendoa eginez. Proiektua kooperatibaren historian orain arte egindako handiena da.
Eguzki-zentral berriak 4 hektareako azalera hartuko du eta 2,75 MWc-ko potentzia instalatua izango du. Aurreikusitako ekoizpena 3,1 GWh urtean da, 1.000 etxeren urteko kontsumoaren parekoa. Sortutako energia guztia tokian bertan kontsumituko da, ENARGIAren bezeroen bidez, zirkuitu laburrean eta tokiko ekonomia indartuz.
Proiektuaren berezitasun nagusia herritarren parte-hartzea da. I-ENER eta ENARGIAk 1 milioi euroko finantzaketa-kanpaina ireki dute, eta edozein pertsona edo enpresek parte hartu dezakete 50 eurotik gorako ekarpenez. Horretarako, bi urrats bete behar dira: lehenik, I-ENER kooperatibako bazkide egitea; eta ondoren, kontu berezi baten bidez ekarpena gauzatzea. Helburua argia da: tokiko energiaren ekoizpena handitzea eta 2030erako ENARGIAren bezeroen kontsumo osoa tokian ekoitzitako energiaren bidez asetzea.
Iban Lacoste eta Bixente Mateo I-ENER enpresako langileek azaldu dutenez, Zaluagako instalazioa kooperatibaren lehen proiektu erraldoia da eta Ipar Euskal Herriko energia burujabetzan etapa berria markatuko du.Instalazioen xehetasunak eta nola parte hartu azaltzen diren informazioa hemen atzemanen duzue.