Euskal Herriko itsas uretara bi gaitz arribatu dira duela zenbait urte: galera portugesen presentzia eta Ostreopsis mikroalgarena.
Azken urteetan, Ostreopsis mikroalga toxikoaren ugaritzeak gero eta arazo gehiago sortzen ditu Euskal Kostaldean, eragina duelako batez ere bainatzaileen osasunarengan. Horren aurrean, Euskal Herriko hainbat egiturek Ostreobila mugaz gaindiko ikerketa egitura sortu dute.
Erregularki, hondartzak hetsi behar izaten dituzte herriko etxeek, Ostreopsis mikroalga horrek gizakien eta itsas faunaren osasunean ondorioak izan ditzakeelako. Bainatu ondoren gripearen sintomak ukaiten ahal dira. Yago Laurenns Balparda Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariak azaldu digunez, Ostreopsisak kutsatuz gero, sorosleengana joateko aholkua ematen dute, sintomak artatzeaz gain ikerleei ere hauei buruzko informazioa ematen baitiete.
Ostreopsis mikroalga orain Euskal kostaldean da eta horren aurrean ikerleek haien kopurua zaintzen dute. Mikroalga ezin da desagertaratzi, beraz ikerleen helburua da mikroalgaren garapena hobeki ulertzea, osasunarentzat dituen arriskuak neurtzea eta alerta eta zaintza sistema iraunkor bat plantan ezartzea. Laurenns Balpordak Ostreobila proiektuan esku artean dutena azaldu du: "Egin ahal duguna da kontrolatzea, jakitea noiz hasten den. Eta horretarako, gure asmoa da Iparraldeko jendearekin proiektu bat egitea eta monitoreak egitea, programa bat diseinatzea, zeinekin asmoa den hainbat neurri sortzea osteropsis gehiago kontrolatzeko. Gure asmoa da kopuruaren inguruan erabaki desberdinak hartzea, eta, ahal badugu metodologia hobetzea, gure zenbaketak edo gure analisiak hobetzeko. Horrekin lan egingo dugu datorren hilabeteetan".