Armand David Haltzuet apeza duela 200 urte sortu zen Ezpeletan (Lapurdi), karia horretara, Txinatik delegazio bat gomitatu dute.
Armanda David Haltzuet nor zen oroitarazteko Kepa Altonagarekin mintzatu gara, berak Armand David Pandaren aita saiakera idatzi baitzuen, bai ere, berrikiago, Darwin geurean, zeinetan aipatzen baitu ere. Mendebaldeko ikuspegitik pandaren aita izan zela azpimarratu du Altonagak, baina ez hori bakarrik.
Altonagaren ustez, David gizon handia izan zen. Begi bistakoa bada ere Davidek mendebalderat ekarri zuen izaki karismatikoena panda izan zela, horrek "eklipsatu" egiten du Davidi buruz aipa daitezkeen gauza anitz.
1861ean Txiniarat joan zen lehen aldikoz, baina geroago itzuli zen. Formazioz apez lazarista zen baina bazuen biologo formakuntza handia ere, eta eskatu zioten iker zezan Txinako natura. Hala, bere ikerketen emaitza onei esker, galdegin zioten biologia-ikerketak baizik ez zitzan egin. Hala, Tibeterat arra-partitu zen, eta hartan zuen panda atzeman, baina baita ere hegaztiak, ugaztunak, landareak...
Funtsean, Txina eta eskualde hori berria zen orduan mendebaldearen ikuspegitik. Baina, fauna eta floraren interesaz harago, Armand David bertze lanetan ere ibili zen: mapa batzuk marrazten. Suez kanala ireki gabe zelarik oraindik, Afrikatik inguratu behar izan zuen. Etxerakoan, berriz, irekia zen kanal hori, eta Thiers orduko presidente frantsesarengana joan zen lehen lehenik. Afera geo-estrategikoak aipatu zizkion: Susan irlarena, konparazione. Oroitu behar da garai hartan Frantzia bezala, Bretainia Handia ere hasia zela Txinan sartzen, Opioaren gerla... testuinguru horretan aritu zen mapagintzan Armand David.
Mendebaldearen begietarako Panda eta gainerako espezie berri andana atzeman zituen, horrek du gizona ezaguna egin.
Eboluzioaren ideia ere pil-pilean zen. Txinatik itzuli zelarik David, gerla franko prusiarra abiatu berri zelarik, Italiarat abiatu zen. Han zuen Davidek Darwinen Espezieen eboluzioa liburua leitu, baina italieraz. Altonagak oroitarazi du frantsesezko itzulpena "desbidatua" izan zelako irakurri zuela italierazkoa, adibidez, Darwinen teorizazioan biziki garrantzitsuak izan ziren Galapagos irletako txontak. Han faisaiak ikusi zituen, 40 bat espezie. Darwinek Galapagos irletan ikusi zituen horien sailkapenarekin bat egiten du Davidek Txinan ikusi zituen sailkapenar egitean.
Ez dakit noraino lasai bizi zen Armand David bere apaiz fedean, edota zer nolako barne-iraultza nozituko zuen, idatzia du Altonagak Armand Davidez, kreazionismo fedea eta zientzialariarenak talka egin bide baitzioten.
Datuak aurkeztu eta defenditzeko fedeagatik, Armand David zinezko zientzialaria izan zela demostratzen dute, nahiz eta garaia ez errazak izan Darwinismorako.