Urriaren 4ean ospatuko dituzte Pariseko Eskual Etxearen 70 urteak. Arlette Oçafrain Pariseko Eskual Etxeko zuzendaritzako kidea da. Oroitarazi digu haren historia: Eskual Etxea1955an sortu bazen ere, aitzinetik baziren talde batzuk, abesbatza... Sehi, haurtzaingo edota etxezaintza-lanerako erbesteratu ziren Parisen. Igandetan biltzen ziren beti Parisen lan bila joandako euskaldun haiek. Garai batean, konparazione, Eusko Jaurlaritza exilioan izan zeneko egoitzan biltzen ziren.
Alta, elkartzen ziren tokietatik bota izan zituzten, harrabots gehiegi egiteagatik. Piarres Xarriton apezak ikusi zuen arazoa eta esku artean hartu, Joana Idiart Davant eta Louis Domecqekin batean. Hala zuten eraikin bat erosi, dirurik batere gabe.
Prezeski, diruztatze horren egiteko Euskal Herritik elkartasun handia ukan zuten, bai ere, Baionako artzapezpikutzatik bermea, zeinak ahalbidetu baitzien bankuko-mailegua.
Pariseko Eskual etxea tokiz aldatu zen 2002an, orduan ere, azantza gehiegi egiteagatik. Oraingoak lo-gela haboro du: 33. Dantza taldea, errugibi taldeak eta abesbatza ditu, eta, gaualdiak antolatzen dituzte.
Erran behar da, edozein euskaldunek Pariseko Eskual Etxeko bortan jo dezake, behar izanez gero, lo-gela eskura baitezake, urte batez gehienik, haatik, gaztea izan behar da.
Urriaren 4ko egitaraua denei irekia da, euskarazko meza batek abiatuko du, Gernika taldeak kantatuko du gero, eta aperitifaren ondotik bazkalduko dute. Gero, Etxalarko talde batek alaituko du arratsaldea. Argitxu Camusek mintzaldia emanen du, Eskual Etxearen historiaz ondua baitu tesia.
Eskual Etxeko presidente izan diren batzuek haien lekukotasunak partekatuko dituzte gero. Ahantzi gabe ere, lehengo kide batzuei eginiko elkarrizketak ikusgai izanen dira erakusketa batean.
Eguna bururatuko da Anaiki musika taldea lagun.