Urriaren 2an Mitologia historia garaikidearen prismatik hitzaldi ilustratua emanen dute Amaia Carrere ilustratzaileak eta Aizpea Leizaola Goñi antropologoak, Irisarri Ospitalean.
Ilustratzaileak badu bidean komiki bat mitologiaren gainean, 2025ean Hendaia Nekatoenean eta Pasaia Hugoenean eginiko egonaldian landu zuenaren haritik.
Carrerek baluke enbeia euskal mitologiatik abiatuz zerbait unibertsala sortzeko, Hayao Miyazaki handiaren bide beretik. Carreren mitologiaren iruditeria haurtzaroko irudimenean oinarritua baldin bada ere, uste du ez dela haurrei bakarrik zuzenduriko gaia, baizik eta norberaren baitan den zerbait inkontzientea pertsonifikatzen duela mitologiak; zerbait magikoa, irudimenezkoa. Istoria eta pertsonaiek zerbait existentziala irudikatzen dute Carreren ustetan; sakona, 'misterio handien parean' erantzun zerbaiten ekarle, 'mundu moderno eta triste honetan', eta 'on egiten' duela.
Bestalde, Carreren aburuz, euskal mitologia biziki lotua da naturari, eta mitologiak sortzen ahal bide du beste harreman bat naturarekiko, 'biziki animista' baita. Hala, lagun dezaketela gertakarien ulermenean, hori berezkoa baitu gizakiak: erantzunen bilaketa. Konparazione, Ortzia; 'biziki bortitza' baita.
Uste du euskal mitologiak sortzen duela naturarekiko beste mota bateko harremanik, eman dezagun, ez baita gehiago ikusten zuhaitza 'ikuspegi kapitalistatik', baizik eta izaki bizidun gisa, misteriotsu gisa. Bere ustez, mitologiak badu indar bat eta gizakiak asmatu baldin badu, ez dela deusendako izan.
Gehien maite duen pertsonaia mitologikoa herensugea da, aspalditik, hori marraztuko du mintzaldian, segur, haatik, ez du oraino deliberatu zenbat burukoa, 'luze baita buruen marraztea'. Basajauna, laminak eta marrazteko errexak zaizkion ipotxak ere ilustratuko ditu Aitzpea Leizaola Goñiren ondoan.
Mari jainkosa, haatik, 'konplikatuena' zaio marrazteko, batzuek 'sexy' gisa irudikatu izan dute, bertze batzuek, ordea, erdi emazte, erdi lurra... Carrerek ez du oraino argi nola ilustratu, eta 'desafio' gisako bat izanen da beretzat, 'interesgarria'.