Badira hamar urte baino haboro Claudine Hegiapal, Elsa Ines Oliarj eta Maika Etxekopar polifoniak lotzen dituela. Poesia ere bada hiruak juntatzen dituen hitzordua. Hala, inspirazioaren arabera, bidaiatzen dute, kantuan, polifonian eta musika tresnek lagundurik.
Hurbileko sentitzen dituzten poetak hartu dituzte abiapuntutzat, zeinak natura anitz maite baitute: Itxaro Borda, Manex Lanatua, Joxean Artze...
Francis James Okzitaniatik... poeta edo poema batentzako bihotzkada behar dute sentitu horren lantzen hasteko. Gehienetan euskaraz ari badira ere, parte bat badute frantsesez.
Musika tresnei dagokielarik, kontrabaxua eta teklatua jotzen dute, nahiz eta polifoniak dituen "ertzotzen".
Kantu bakoitza mundu bat dela azpimarratu du Maika Etxekoparrek, horregatik laborategia deitzen dio hiruen arteko elkarketei.
Oroitzea itzultzeko gogoa dela erran izan du Joseba Sarrionaindiak, eta hori dute hartu abiapuntutzat.
Hor hor izendatu dute taldea, orainaldiko presentzia azpimarratzeko, baina ez bakarrik, Maitia nun zira kantatzen baitute, horren arrapostu gisa ere hautatu dute. Eta, Aurore Martinen afera izan zelarik, 'horror' adieran ere erabili izan dute: "Gauza ilunen edertasunaren lantzeko, poesiak hori ahalbidetzen baitu".
Emeki festibala Hor hor taldearen emanaldiak du irekiko, buruilaren 25ean, 19:00etan, Urruñan.
Emeki festibalak emazte sortzaileak ditu plazaren erdian ezartzen, eta horrengatik Maika Etxekoparrek adierazi du harro direla mugimendu horren parte izateaz. Gero, ez direnez profesionalen erritmoan aritzen, ez dute hainbeste sentitzen plazaren hertsia emazteendako.
Alta, Frigo taldeko neskek badute kantu bat errateko neskek har ditzatela musika tresnak eta botza ager dezatela. Justuki, ausardia hori bai barnetik bizitzen duela aitortu du Etxekoparrek, eta haien bidearen eta hautuen asumitzeko indarra behar dela.
Ororen buru, biziki kontent dira Emeki festibalean parte hartzeaz.