Anne-Marie Lagardek "izugarri kontent" hartu du Sarako Idazleen Biltzarrak emanen dion Biltzarraren sariaren berri.
Anne Marie Lagardek (Liginaga, Zuberoa, 1944) literatura eta Letra Modernoak ikasi ditu Pauen, Psikologia Orokorra eta Soziala Bordelen, eta, Euskal Ikasketak Baionan. Les basques: societé traditionnel et symétrie des sexes liburua argitaratu zuen ikasketa haien ondotik karrikaratu zuen doktorego-tesian oinarrituz, zeinaren zuzendariak izan baitziren Txomin Peillen eta Marie-Jean Sauret.
Ikerketa-lanez gain, artikulugintzan, nobelagintzan eta poesian ere trebatu du bere burua, konparazione, Eguzki amandrea eta Au chemin de Maia eleberriak argitaratuz.
Euskal tradizioko parekidetasun ereduez eta gizarte modernoko ezberdintasunen jatorriaz solastatu gara harekin.
Anne-Marie Lagardek euskarazko alokutiboa sakonki landu zuen lehenik, eta hortik ondorioztatu du hizkuntza dela medio, toka-noka dela medio, berdintasun eredua izan zela gizon eta emazteen artean Euskal Herrian. Berdintasuna, herentziari dagokiolarik, etxetik joateko, ezkontzeko prima kadeta batekin, edo kadeta premu batekin...
Berak, bere begiez ikusitako antolaketa parekidea da, Liginaga Goihenetxean: Erregimen Zaharren denboren eko-jabetasuna deitzen zitzaion bikote gaztea eta zaharraren artean, "egiazko matriarkatua" zela demostratu du Lagardek. Prima izatea edo premu izateak ez zuen inportarik, hots, sexu batekoa edo bertzekoa izateak ez zuela inportarik zentzu horretan, Euskal Herri tradizionalean.
Hego Euskal Herrian, haatik, bazen desberdintasun ttipi bat: gurasoek zutela hautatzen nola hartuko zuten segida. Ipar Euskal Herrian, aldiz, meza integralaren arabera egiten zuten, eta, beti zuten prima hautatzen: "Alabadereko gauza zuzun!". Amak zien ematen izena haurrei eta senarrari ere.
Horiek hola: "Emaztea Euskal Herrian ez zen batere apaldua, hainbat lanek erakusten dute hori". Maite Lafourcade zenaren lanak abiapuntua izan ditu Lagardek, ikertu baitzituen eztei-kontratuak eta ikusi zuen bazela hor berdintasuna.
Eta, Lagarderen ikerketak frogatu du berdintasun hori ahalbidetzen zuela hika alokutiboak, sexuak desberdintzen dituen ber, berdintzen ere ditu, aditzarekin baita eginik. Hizkuntza indoeuroparrek ez bezala, euskarak ez du generorik, salbu aditza dela medio desberdintzen eta berdintzen da.
Lagardek tesia osatu du eta aise ere, alta, matriarkatua egon zenik erratea "tabu da", eta horrek ustegabekoa ekarri dio, borta franko hetsirik atzeman baititu. Funtsean, horren entelegatzeko arrazoiak xerkatu ditu eta heldu da konklusio honetara: "Tabu hori jiten duzu unibertsitatea patriarkatua baita".
Tabuak tabu, Lagarde izugarri eskertua zatzaio Sarako Idazleen BIltzarrari, "errekonozimendu amiñi bat" ekarriko baitio egin duen eta zenbaitetan ukatua izan zaion lan guziarekiko.