Sare sozialen erabilera gazteen artean gero eta zabalagoa den honetan, Europako hainbat herrialdetan adin-muga ezartzearen inguruko eztabaida piztu da. Espainiako Gobernuak iragarri du 16 urtetik beherakoek ezingo dituztela sare sozialak erabili, eta plataformek adina egiaztatzeko sistemak ezarri beharko dituztela. Frantzian ere bide beretik ari dira: Asanblea Nazionalak 15 urtetik beherakoentzat sare sozialak debekatzeko lege-proiektua onartu du, nahiz eta Senatuaren onespena falta den oraindik.
Gobernuen arabera, neurri horien helburua adingabeak babestea da. Hala ere, ikertzaile askok diote debekua ez dela nahikoa, eta heziketa digitala ezinbestekoa dela gazteek arriskuak ezagutzeko eta sareak arduraz erabiltzen ikasteko. Mondragon Unibertsitateko irakasle eta zibersegurtasunean aditu Urko Zurutuzak ohartarazi du sare sozialak manipulatzeko tresna indartsuak izan daitezkeela, eta horregatik ari direla nerabeentzako debekua eztabaidatzen. Gainera, gobernuek neurri horiek praktikan nola aplikatu ditzaketen azaldu du.