Iazko denboraldi ederra errepikatu ote du Baionako errugbi taldeak ? Sasoi hastapen huntako galdera da Laurent Travers errugbi zuzendariaren etortzeak ez duenez Grégory Patat trebatzaile nagusiaren rola trabatuko. Iduri luke bakotxaren eginbeharrak finkatu dituela zuzendaritzak. Peio Doxpi jokolari ohiak ez du bikote hortan gehiegi sinesten. Lehen partidetako emaitzek taldearen geroa eta giroa baldintzatuko dituztela erran digu. Azpimarratzen du Top14 txapelketako finalerdietara heldu ondotik berantago joan direla oporretara jokolariak eta ondorioz berantago hasi dutela prestakuntza. Horrek eragin bat izaiten ahalko lukeela larunbateko partida kari Perpinianen iduritzen zaio ezpeletarrari. Hain zuzen ere arratsaldeko 3 orenetan jokatuko dute xuri urdinek Perpiniako zelaian.