Aña-Mari Haramberri

·

Hazkurri Bankuko langilea

«Sokorri Katolikoa hesten da hiru astez udan eta hemen martxandiza bagenuen eta ideia zen saltzea»

Sokorri Katolikoa hesten da hiru astez udan eta hemen martxandiza bagenuen eta ideia zen saltzea
Agorrilean, beharrean direnek elikagaiak eta eguneroko produktuak eskuratzen segi dezaten, Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuak eta Gurutze Gorriak denda sozial bat ireki dute. EUSKAL IRRATIAK
Lorea Mailharrancin
2026/08/10 07:00

Udan hainbat elkarteren ateak hetsiak direlarik, laguntza behar duten pertsonak ez daitezen elikagairik gabe gelditu, Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuak eta Gurutze Gorriak behin-behineko epizeria sozial bat plantan ezarri dute Baionan.

Urtean zehar, Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuak enpresa, saltoki eta beste iturri batzuetatik berreskuratutako elikagaiak eta eguneroko produktuak 40 bat elkarteri banatzen dizkie. Elkarte horiek ondotik beharrean diren pertsonei helarazten dizkiete produktuak.

Baina agorrilean, laguntza sare horretan hutsune bat sortzen da, hainbat elkartek, besteak beste Sokorri Katolikoak, beren jarduera gelditzen baitute. Horri erantzuteko, Hazkurri Bankuak eta Gurutze Gorriak denda sozial bat ideki dute hiru astez Baionako CCAS-en.

Epizeria honetan, gizarte zerbitzuen bidez bideratutako pertsonek prezio apalagoan eskuratzen ahal dituzte oinarrizko elikagaiak. Bi euro ordainduz, bi zaku betetako produktu eramaten ahal dituzte etxera.

Aña-Mari Haramberri Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuko langileak azaldu duenez, helburua da urteko garai honetan ere laguntza behar duten pertsonei erantzun bat ematea.

Denda soziala astelehen eta astearte arratsaldez idekia da agorrileko lehen hiru asteetan. Aña-Mari Haramberrik adierazi du 14:00etan irekitzen dela eta, jendea 13:00etatik heldu dela. Horrek beharra handia dela erakusten du.

Antolatzaileek ehunka lagun laguntzea espero dute, uda garaian inor laguntzarik gabe geldi ez dadin.

Aña-Mari Haramberrik oroitarazi du, bestalde, urtero bezala, azaroan urteko bilketa handia antolatuko duela, negurako laguntza beharrak asetzeko.

Interesgarri izanen zaizu