Bigarren aldiz aurkeztuko da martxoko herriko bozetara Eneko Aldana-Douat, Ziburu Bizi taldearen zerrendaburu gisara. Duela sei urte hauteskundeak irabazi ondotik auzapez kargua hartu zuen EH Bai talde politikoko kideak. Konfidantzaz beterik aurkezten dela herritarren aitzinean erran digu Goiz Berri emankizunean: "Bilan biziki baikorra egiten dugu, eta larunbatean gure hautagaitza aurkeztu ondotik, herritarren sustengua jasotzen ari gara".
Bilan biziki baikorra egiten dugu, eta larunbatean gure hautagaitza aurkeztu ondotik, herritarren sustengua jasotzen ari gara
Herritarren aitzinean funtzio ainitz hartu behar izaten dituela auzapezak, ohartu da Aldana azken sei urte hauetan. "Duela 40 urte baziren apaiza, irakaslea edo medikua, auzapezarekin batera. Gaur egun auzapeza da herrian gelditze den figura bakarrenetarikoa. Jendea etortzen zait ene funtzioetan ez diren hainbat gauza galdegiten... Suitzako ganibeten antzekoak gara auzapezak. Hirigintza egiten dugu, soziala ere... psikologia pixka bat , eta kasko urdinak gara familien artean. Hori da azken batean interesgarriena dena lan honetan", gehitu du Ziburuko auzapezak.
Jendea etortzen zait ene funtzioetan ez diren hainbat gauza galdegiten... Suitzako ganibeten antzekoak gara auzapezak. Hirigintza egiten dugu, soziala ere... psikologia pixka bat , eta kasko urdinak gara familien artean. Hori da azken batean interesgarriena dena lan honetan"
Hirigintza plana izan da Ziburuko herriko kontseiluaren erronka nagusienetarikoa mandatu honetan. Lapurdiko herriak bizizaleak galtzen jarraitzen du. 2014ean zazpi mila herritar baldin bazituen, gaur egun sei mila ditu. Etxebizitza sozialik ezin dutela eraiki dio auzapezak, eta bestelakoak ere gutxi, lurrik ez dutelako. "Maleruski segituko dugu herritarrak galtzen, eta gazteak batez ere, eta gazteekin umeak galtzen, eskolak ere... eta funtsean herriko dinamika da galtzaile".
Maleruski segituko dugu herritarrak galtzen, eta gazteak batez ere, eta gazteekin umeak galtzen, eskolak ere... eta funtsean herriko dinamika da galtzaile