Luka Remiro

·

Global Sumud Flotillako kidea

«Torturatzaile profesionalak dira; detaile guztiak pentsatuak dituzte»

Torturatzaile profesionalak dira; detaile guztiak pentsatuak dituzte
Luka Remiro Gazara zihoan Global Sumud Flotilla nazioarteko itsas ekimenean. Israelek nazioarteko uretan bahitu eta torturatu ditu, askatu aitzin. Bere lekukotasuna bildu dugu. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/05/28 07:00

Global Sumud Flotilla nazioarteko itsas ekimena da, hainbat gobernuz kanpoko erakundek sustatua, eta helburu du Israelek Gazari ezarritako blokeoa haustea, laguntza humanitarioa bertara eramanez. Maiatzaren 20aren inguruan, goizean goiz, Gazara zihoan flotillako ontziak Israelek nazioarteko uretan atzeman zuen. Operazioan Flotillako 428 lagun atxilotu zituzten, eta gehienak bi egun geroago askatu bazituzten ere, hainbat lagunek salatu dute tarte horretan torturak eta sexu-abusuak pairatu zituztela. Atxilotuen artean euskal herritarrak ere baziren; tartean, Luka Remiro, jatorriz beratarrra.

«Torturatzaile profesionalak dira; detaile guztiak pentsatuak dituzte»

Flotillako kideek bi “atxiloketa” edo, haien hitzetan, bi bahiketa bizi izan zituzten: lehenengoa Grezian, eta bigarrena Txipretik hurbil. Luka Remirok “bahiketa” hitza erabili du, nazioarteko uretan egin baitziren operazio horiek, “inolako oinarri juridikorik gabe”. Haren arabera, lehenengo operazioa “nahiko lasaia” izan zen, eta helburua batez ere “beldurra sartzea” zela iruditu zitzaien. Bigarrena, ordea, askoz bortitzagoa izan zela dio: “Mehatxuka hasi ziren, oihuka motorrak gelditzeko eta ontzia errenditzeko aginduz. Kasurik egiten ez bazen, gomazko pilotak jaurtitzen zituzten; baita tiro erreal batzuk egin ere”.


Itamar Ben-Gvirk zabaldutako bideo batean ikus daitekeenez, atxilotutako ehunka lagun lau kontainerrez osatutako kartzela moduko batean eduki zituzten. Remirok azaldu duenez, lehen atxilotutik azkenekora arte, “30 ordu baino gehiago” igaro zituzten baldintza gogorretan. Bere testigantzan, tratu txarrak salatu ditu: “200 lagun baino gehiago ginen, baina ez zegoen 100 oherik ere. Txandaka egin behar genuen lo”. Gainera, soldaduek etengabe oztopatzen zietela atseden hartzea dio: gomazko bolak jaurti, zarata egin edota soinu-bonbak erabiltzen zituzten kontainerren erdian.
Egoera are gogorragoa bihurtu zela azaldu du Ashkelongo espetxera eraman zituztenean. Han, jipoiak eta taser bidezko deskarga elektrikoak jasan zituztela dio: “Gela ilun batean sartzen gintuzten. Lau soldadu handi baziren bertan, kolpeak eta taser deskargak ematen zizkiguten, gero ur hotzez busti, eta berriz elektrokutatu. Gizon eta emakume batzuek sexu-abusuak ere jasan dituzte”.

“Europarrak horrela tratatzen badituzte, pentsa palestinarrek zer pairatzen duten, gizakitzat ere hartzen ez dituztelako”.


Tortura psikologikoa ere salatu du: “Txertoak jarri zizkiguten, zer zen azaldu gabe. Orain analisiak egiten ari gara, baina ez dakigu zer sartu ziguten”. Halaber, hainbat preso zaurituta zeudela azaldu du: “Batzuek saihetsak edo sorbaldak hautsita zituzten, eta ez zieten behar bezalako arreta medikorik eman”. Bizitakoa kontatzean, Palestinako presoek jasaten duten egoeraz are gehiago ohartu dela aitortu du: “Europarrak horrela tratatzen badituzte, pentsa palestinarrek zer pairatzen duten, gizakitzat ere hartzen ez dituztelako”.
Bi egun geroago askatu zituzten, eta aireportura eraman ondoren, Turkiara hegaldia hartu zuten. Hala ere, aferak oihartzuna izan du Euskal Herrian ere.

Loiuko aireportuko ongietorria eta Ertzaintzaren esku-hartzea

Hilaren 23an heldu ziren euskal herritarrak Loiuko aireportuara. Hainbat lagun harrera egitera bertaratu ziren, baina Ertzaintzak esku hartu eta lau pertsona atxilotu zituen. Bingen Zupiriak gertatutako kargak deitoratu bazituen ere, “probokazioak” izan zirela adierazi zuen. Luka Remiroren arabera, aurretik bazen tentsioa jadanik: “Probokazioak alderantziz gertatu ziren. Gu iritsi aurretik ere giro txarra zegoen. Bertan zeuden kideei begirada txarrez ari zitzaizkien, eta pertsona bat identifikatu zuten grabatzeagatik”.

“Haien helburua beldurra sartzea zen, eta zoritxarrez, neurri batean lortu dute”.


Etorkizunari begira, Remirok azaldu du oraingoz atseden hartu behar duela. Gainera, bigarrenez itzuliz gero, bi urteko espetxe-zigorra arriskuan izan dezakeela dio. Haren hitzetan: “Haien helburua beldurra sartzea zen, eta zoritxarrez, neurri batean lortu dute”.
Hala ere, ez du baztertzen etorkizunean antzeko ekimen batean berriz parte hartzea. Azpimarratu duenez, “borroka egiteko beste modu asko ere badaude”, hala nola desobedientzia zibila edo boikota.

Interesgarri izanen zaizu