Daniel Oltzomendi Hirigune Elkargoan trantsizio ekologikoaren eta turismo iraunkorraren arduraduna da. Bere ardura turismoa trantsizioari begira kokatzea da, klima aldaketarekin turismoa nola aldatuko den ikusiz eta turismo iraunkorraren estrategia segituz.
Oreka turistikoa
Bere ustez, goizegi da uda honetako turismo kanpainaren bilduma egiteko, jakinez uztailean agorrilean baino turista guttiago direla betidanik. Hala ere, azken urteetan ikus daiteke udan turista kopurua apaldu dela. Daniel Oltzomendik esplikatu duenez, duela urte batzuk gain turismoa aipatzen zen etengabe, eta Elkargoan turismo jasangarriago baterako bidea hartzea erabaki zuten. “Turismoa sail ekonomiko garrantzitsua da, baina ez da bakarra.” Horregatik, aktibitate ekonomiko guzien arteko oreka atxeman behar da. Estrategiak emaitzak ekarri ditu: 2023tik jende gehiago hurbiltzen da urtean zehar, eta jende guttiago udan.
Hala ere, estrategiaz aparte ere, uda hastapen honetan joan diren urteetan baino turista guttiago izan dira. Horren eragile izan litezke azken asteetako baldintza meteorologikoak eta Landesetan eta Girondan piztutako suak. Daniel Oltzomendiren arabera, turismo bulegoetan gero eta galdeginagoa da airearen kalitatea. Horrek frogatzen du turismoa ez da aparte den saila: trantsizio ekologikoari hertsiki lotua da.
Turismoa: inpaktu negatibo eta positiboen artean
Oreka atxemaiteko estrategia hori hasi aitzin, Elkargoak jendearen iritzia bildu zuen turismoaren gaiari buruz, zundaketa baten bidez. %15ak turismoaren inpaktu negatiboak deitoratu zituen, %20 inguruk inpaktu positiboak azpimarratu zituen, eta jendearen gehiengoak inpaktu positibo eta negatiboak ikusi zizkion aktibitateari. Horrek ilustratzen du, Daniel Oltzomendiren iritziz, turismoa aktibitate ekonomiko gisa kontsideratzeko beharra, eta horretan oinarritu da estrategia guzia.
Barnekalde-kostalde oreka baterantz
Hala ere, oraino aitzinamenduak badira egiteko turismo orekatu batera heltzeko. Izan ere, Ipar Euskal Herriko turismoa kostaldean kontzentratua da, eta barnekaldean aldiz ez da kasik batere. Elkargoaren beste helburu bat da horren aldatzea, eta beraz, aktibitate desberdinak antolatzen dituzte barnekaldean, PLR (ibilaldi plan lokala) bezalako egitasmoekin. 50 000 euro arteko laguntza ekonomikoak ere ematen dizkiete barnekaldeko aterpetxeei, eta mugikortasun sailean autobus eta trein lineak hobetzen entseatzen dira.
Daniel Oltzomendik nabarmendu du ekintza horiek turistentzat eginak direla, baina baita lekuko biztanleentzat ere.