Dom Campistron marrazkilariak bere azken lana plazaratu du urte hondar honetan: Etxean izeneko liburua. Haurrendako ipuin bat da. Hiru ahizparen istorioa kondatzen du Nafarroan. Haien ama pausatzen delarik, etxeko xakurra otsoa bilakatzen da, eta hiru ahizpek otso horrekilan egon behar dute, baina bizitzeko egoera zaila da hori.
Etxean gertatzen diren bortizkeriak aipagai
Istorio horren bidez, Dom Capistronek etxe barnean bizitzen ahal diren bortizkerien gaia nahi izan du tratatu. Otso bilakatzen den xakurraren figura ez bada bortxaz aitarena, argi du heldu baten forma bat dela, haurrer inposatzen dituzten bortizkerien metafora bat. Aita izan daiteke, baina ere otto, aitatxi edo familiako lagun bat.
Bazuen aspaldi Dom Campistronek nahi zuela gaia jorratu. MeToo mugimenduarekin batean intzestuaren salatzeko mugimendu bat ere zabaldu zelarik, serioski interesatzen hasi zen. Gure gizartean haurrak nola tratatzen diren, eta sexismoak edo sistema patriarkatuak zer eragin duten tratamendu horretan. Galdera horier buruz gogoetan ari izana da Dom Campistron, anitz podcast eta libururen bidez.
Gure mikroan esplikatu du emazteek jasaten dituzten bortizkeriekin bezala, sistema patriarkalak sinestarazten duela haurrendako lanjerra kanpoan dela. Alta, haren ustez, "ulertu behar da bortizkeri gehienak bizi ditugula gure intimitatean". Kanpoko lanjerra azpimarratuz, sistema patriarkal horrek babesten ditu etxe barnean gertatzen diren bortizkeriak. Horretarako da sistema hori deseraiki behar.
Bortizkeria horietaz ari baldin bada Etxean ipuina, ahizpatasunaz ere ari da. Dom Campistron bizi izan duenaz inspiratu da hein batean: hiru ahizpa dira familian, eta ttipitan ama galdu zuten. Bere ahizpekin dituen lotura azkarrak liburuan agerrarazi nahi izan ditu. Fikzioan agertzen da ahizpatasuna, baita sortu duten objektu berean ere, Domen bi ahizpek parte hartu baitute sormen prozesuan.
Haurrendako ipuin bat
Haurrendako pentsatua du bere lana Dom Campistronek. Ipuin gisa aurkezten du, preseski azpimarratuz lehen ziren eta batzuetan oraindik diren haurrendako ipuinak bortitzak zirela eta direla. "Sexismoz emokatuak ziren istorio[taz]" oroit da.
Usu, gehienek uste dute hobe dela bortizkerien bezalako gaien saihestea haurrekilan, baina Dom Campistronendako haurrak gai dira holako gauzen irakurtzeko. Eta preseski gaia saihestuz, helduak dira babestuak.
Behar ditugu berriz begiratu guk irakurtzen genituen ipuinak ttipitan, zenta pentsatzen dut ipuinek gai larriak ekartzen dituztela. Batzuetan berriz irakurriz nik irakurtzen nituenak harritu naiz. Izan gauza izugarri bortitzak: heriotza, eritasuna, baina ere sexismoz emokatuak ziren istorioak.
Hala ere, haurrendako egokitu nahi izan du Etxean. Ipuin koloretsua eta irringarria egin du, gaiaren "desdramatizatzeko". Bide beretik, emanaldi bat sortu du Ael bere ahizparekin haurren aitzinean ipuinaren kondatzeko, drag emanaldi bat.
Risografia teknika, liburuen inprimatzeko
Liburuaren ekoizpenean parte hartu du ere Dom Capistronen beste ahizpak. Marik lagundu du Dom liburuen inprimatzeko momentuan, risografia teknikaren bidez. 1980 hamarkadan Japonian sortu zen teknika hori, eta gaur egun modan da grafisten munduan.
500 ale inprimatu dituzte risografia teknika horren bidez, orrialdeer eta koloreer itxura berezia emanez. Kutsakorrak eta toxikoak ez diren tinduak baliatu dituzte. Marik sortu duen Haran Ubel argitaletxeak du ofizialki plazaratu lana.
Liburua salgai, aurkezpenak urtarriletik goiti
500 ale inprimatuak izan dira eta salgai dira jadanik. Baionan, Ortzaizen edota Hazparnen atzemanen dituzte. Hegoaldean salmenta tokiak xerkatzen dituzte ere bai. Jakin bestalde urtarriletik emanaldiak programatuko dituztela eskuin esker Etxean lanaren aurkezteko. Edozein egitura edo elkarte harremanetan sartzen ahal da Dom Campistronekin emanaldi baten antolatzeko.