Martxel Rodriguez

·

Led Silhouette taldeko kidea

«Ultimatum obrak erantzuten dio urgentzia eta paralisiaren arteko erlaziotik eraiki daitekeen horri»

Ultimatum obrak erantzuten dio urgentzia eta paralisiaren arteko erlaziotik eraiki daitekeen horri
Martxel Rodriguez dantza zuzendari lesakarra. Dani Blanco/ARGIA FOTOTEKA CC-BY-SA
Ainize Madariaga
2026/10/15 12:34

Led Silhouette Lesakako (Nafarroa Garaia) dantza-konpainiaren lan berria ikusgai izanen da Donibane Lohitzuneko (Lapurdi) Tanka gelan, urriaren 17an, 20:00etan.

Ultimatum du izena, eta Martxel Rodriguezek du zuzendu, Jon Lopezekin batean, zeinak erantzuten baitio gogo bati, bizitzako inflexio puntuetan aldaketa bortitzak sortzen diren momentuetan, eta erabaki behar den momentuetan gorputza nola dugun, urgentzia eta paralisiaren arteko erlazio horretatik zer eraikitzen ahal den. Ultimatum lanak erantzun nahi dio erabaki bat hartzeko beharrari, bai egoera politikoagatik, bai ere norberaren bizitzaren faseetan.

Lan honetarako nahi izan dute oihanaren unibertsoa esploratu, horregatik oreina agertzen da, ekaitz handiko gaua, sei mendizaleak... Istripu bat gertatu da eta sei gorputz horiek behar dute erabakia hartu bizirauteko eta aitzinera joateko. Oihaneko soinuak bilatu dituzte girotzeko. Irudiak dituzte anitz landu, ikusteko zer teatraliatate eman, bisuala den guziari ematen baitiote garrantzia, irudi horretan landu dute ere gorputzen mugimenduak zein izanen diren, nola ez.

Rodrigezek azpimarratu du mitologia uste baino presenteagoa dela beti sorkuntzetan, "garunak saretuak baitira eta konpartitzen baitugu imaginario bat". Horregatik normala zaio "animalia totemikoa" ikustea, ekartzen baitizkio norberari erreferente batzuk.

Egun bizi dugun sentsazio konstanteari erantzuteko modua da Ultimatun ikusgarria, izan ere, Rodriguez 1990.ean sorturiko semea da, eta bizitzako fase anitzetan sentitu izan du sentsazio berezia zeinetan bere buruari galdetzen baitio: "Noiz pasako da zerbait hau dena aldatuko duena...". Baina, hondarrean, egun hori ez bide da nehoiz heldu, bere aburuz prozesua baita inporta duena, eta eraldaketarako gutinaka ari baitira lanean... Hala, gogoeta horietatik abiatuz sortu da lan hau harilkatzen duen dramaturgia.

Azkenean, hala ere, esperantzarako tokia ere badu obrak; "zaintzaren eta babesguneen sorkuntza kolektiboaren ideierako".

Testuak badu leku berezia Ultimatum obran, antzerkia den jolas horretarako osagai bat gehiago dela ohartarazi du Rodriguezek. Matilda Ines konpositoreak du idatzi ingelesez eta Danele Sarriugartek du euskaratu.

Bestalde, gorputza erresistentziarako bide gisa baliatzen du Rodriguezek egunerokoan; lehen lerroan jartzen duen bakoitzean ideia edo galdera bat botatzeko parada da. Eta preseski, hondar denboretako testuinguru soziopolitikoak ikusiz, interesgarria zaio gorputzak eta norberak bere burua non kokatzen duen ikustea.

Komunikatzeko lengoaia ere bazaio gorputza, bere mugimendua arte bihurtzea edota sorkuntza obratzea baita dantza; "gorputz anitz denbora eta espazio bera konpartitzea".

Interpretazio irekiak interesatzen bazaizkio ere, egia da Led Silhouette konpainiaren obrak konkretuak direla, "ulertzen" baitira, egoera konkretuetatik abiatzen baitira. Funtsean, ulertzen den giro bat sortzea interesatzen zaie, eta hortik abiatuz, norberak bere interpretazioa egitea. Sentimentuak eragiten baditu, "askoz hobe", erantsi du Rodriguezek. Ulertzen den giro horretatik harago, publikoa zeharkatzen badu urgentzia horrekin, esperantza horrekin, eta une hauetako bizitzan gauzak birplanteatzeko aukera horrekin, helburu nagusia betea litzatekeela ohartarazi du; egileen xede nagusia baita eragitea.

Bukatu du eztabaidan sartuz, hain xuxen ere garaikidea kontzeptua birplanteatuz. Dantza garaikidea lotzen baita mugimendu estitiko konkretu batekin, 1950-60-70. hamarkadetan landu zena, baina geroztik bide egin duena; modu anitzetan landu baita dantza, bertze diziplinekin uztartuz. "Gaur egun bertze puntu batean gaude". Eta proposamena ere luzatu du: "Kutsu politiko bat duen proposamen dantzatu bati dei diezaiokegu dantza garaikidea". azken batean, duela 30-40 urte egiten den dantza baten erreprodukzio bati deitzen ahal zaio, baina honezkero, ezin izanen litzaioke dantza garaikidea deitu. Eztabaida zabalik da.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu