Joseba Aurkenerena

·

Urrunaga elkarteko kidea

«Urruñari begira dugu antolatzen merkatua, xumeki, euskal irakurzaletasuna piztu eta bultzatzeko»

Urruñari begira dugu antolatzen merkatua, xumeki, euskal irakurzaletasuna piztu eta bultzatzeko
Joseba Aurkenerena, Loraldiberriren antolatzaileetako bat. Maitane Eiheramonho - EKE/ICB
Ainize Madariaga
2026/11/27 12:45

Loraldiberri bortzgarren aldikotz antolatuko dute Urrunaga eta Berttoli elkarteek Urruñako plazan, azaroaren 29an, 10:00etatik aitzina.

Urrunaga kultur-elkartea sortu zen euskarazko aldizkaria karrikaratzeko, urtean bat; "Euskarari berea eta merezi duen tokia emateko, ingurua den-dena erdaraz baita".
Aurten, zortzigarrena aurkeztuko dute merkatua-kari, igandean.

Alta, aldizkaria egitearekin ez zuten aski, eta hola deliberatu zuten merkatu gisako bat egitea. Sarakoa eta Ziburukoa kontutan hartuz, baina: "Haiek handiak dira, gurea, aldiz, formatu ttipian egiten dugu, Urruñari begira, xumeki, euskaraz irakurtzeko zaletasuna piztu eta bultzatzeko". Durangoko azokaren aitzineko asteburuan dute antolatzen beti, horregatik urtearen arabera data ere mugitzen da.

Hala, urruñarrak deitzen dituzte eguberriko oparien egiteko balia daitezen euskarazko ekoizpenak erostera.

Azaroaren 29an izanen da beraz aurten Loraldiberri, plazan, posta kultur etxeko ganbara handian.

Hamasei mahai izanen dira: Maiatz, Hatsaren poesia, Zortziko, Urrunaga, Dakit, Elkar, Lapurdi 1609, Iparraldeko Hitza eta Berria, Antzerki-eskola, Maita Kultura, Naziogintza, Biarte, Xano Haltzuet eta Xabi Elizondo, Ekilore musika taldea, Kiki Mujika, eta Marisa Arruabarrena eta Matxalesen Besos.

10:00etatik aitzina abiatuko da merkatua, hona pean egitaraua:


Jakin, Loraldiberriren berezitasunetako bat dela Rafa Gorrotxategiren txokolate beroaren banaketa.

Egitaraua "ttipia" dutela azpimarratu du Aurkenerenak, nahitara, ez baitute formatu handirik nahi, "ezin izanen baikenuke hori aitzinera atera, zinez herriari begira den egitaraua da hau".

Urruñaz eta Urruñarrendako sortu zuten merkatu hau. Loraldiberri izena, XIX.mendeko Antton Dabadia euskal eragile handiari kendu diote: Urruñatik piztu zuen Loraldiberri bat Euskal Herri osoan, bere sakelatik ordainduz dena: lore-jokoak, herri kirolak, herri bestak... zabaldu zituen zazpi Euskal Herrietan. Eta guk ere, horrelako zerbait lortu nahiko genuke gure xumetasunetik".

Interesgarri izanen zaizu