“Faxismoaren eta estatuaren autoritarismoaren aurka”. Lema horrekin, ebiakoitzean Gazte Koordinadora Sozialista mugimenduak manifestaldiak antolatzen ditu Iruñean eta Bilbon, faxismoaren gorakadari buru egiteko eta antolatzera deitzeko.
Testuinguru berezia: faxismoaren normalizazioa
Kapitalismoaren bortizte bat identifikatzen dute manifestaldiko antolatzaileek, eta uste dute horren agerpen bat dela faxismoaren gorakada. Prozesu orokorra salatzen dute: estatuen mailan autoritarismoaren azkartzea, militarismoaren sustatzea edota eskubide politikoen murriztea.
Eta mugimendu sozialistaren arabera, egoera horrek baditu agerpenak iparraldean gaindi ere, faxismoa ideologikoki eta kale mailan normalizatzen ari baita. RN edo Reconquête bezalako alderdiak azpimarratzen ditu Gabi Darraspe Ipar Euskal Herriko kontseilu sozialistako kideak gure mikroan. "Kuadro faxistak hezteko" taldeak edo think tank batzuk ere Iparraldean identifikatzen dituzte, hala nola Pierre-Edouard Stérin eskuin muturreko enpresaburuaren plataforma. Karrika mailako eskuin muturreko taldeak geroz eta bortitzagoak dira Gabi Darraspen arabera, beste talde militanteak edo minoritateak erasotuz.
Azken asteetan ere, iparraldeko adibide konkretu batzuk salatu zituen mugimendu sozialistak: zerbitzu militarraren itzultzea edota armamenduari buruzko mozioak Euskal Elkargoan.
Faxismoaren parean, antolatu
Gabi Darraspek argi du:"Gaur egun justuki ez baita indar antolaturik, aski gauza guti egiten ahal ditugu errealki". Fase berezi horretan, indar horren berrosatzea da helburu nagusia. Antolatu behar dela beraz, eta eskala ahal bezain handiagoan. Faxismoari, internazionalki baizik ez zako buru egiten ahalko.
Mugimendu sozialistaren lan ardatz nagusienetariko bat azpimarratu du Gabi Darraspek gure mikroan: alternatiba eraiki behar da, gaur egun diren eskuineko eta ezkerreko alderdietatik harat. Langile klasetik pasako da alternatiba hori, eta iraultzailea izan beharko du.
Borrokan segitzeko, egun antifaxista
Otsailaren 14an egun antifaxista bat antolatzen duela iparraldeko kontseilu sozialistak zizpa gaztetxean. Lau orenetatik goiti izanen dira hitzaldiak, mahai inguruak eta kontzertuak.