Oihana Teyseyre Koskarat Berriako kazetariak hiru aste pasa ditu Parisen, Arambururen hiltzaileen auziaren segipena egiteko. Kondatu dauku nolako auzia izan den, nola politizatua izan den, eta oro har nolako giroa zen.
2022ko afera: tiroz erailik izan den errugbilari ohia
2022ko martxoaren 19an gertatu zen hilketa Parisen. Ostatu batean gertatu liskarren ondotik, Loïk Le Priol eta Romain Bouvier autoz berriz jin ziren Federico Martin Aramburu eta harekin zen lagunaren gana. Autotik atera, eta Romain Bouvier Aramburu tirokatu zuen lau aldiz. Loïk Le Priolek berehala segida hartu, eta beste sei bala tiratu zituen. Hor berean zendu zen errugbilari ohi argentinarra.
Eskapatzen ari zirelarik harrapatuak izan ziren Le Priol eta Bouvier: lehena Hungaria eta Ukrainia artean, eta bestea Nantesen.
Parisen iragan berri den auzian, beste bi pertsona ere auziperatuak izan dira: Lyson Rochemir Loïk Le Priolen lagun ohia eta Anthony Sorrentino Romain Bouvieren lagun bat. Lehenari leporatua zakon hilketaren konplizea izanik, eta besteari Bouvier eskapatzen lagundurik.
Akusatuen nortasunaren aztertzeko auzia
Oihana Teyseyrek esplikatu dauku krimen auzitegian gertatu zela auzia, erran nahi baitu epaile popularrek parte hartu dutela. Auzi "pedagogikoa" izan zela azpimarratu du. Epaileendako, akusatuen nortasunaren ulertzea baitezpadakoa zen, jujamendu baten emateko.
Eta erran behar da preseski Loïk Le Priolen eta Romain Bouvieren perfila berezia dela: eskuin muturreko militanteak, GUD talde bortitzaren kide ohiak, armazaleak. 2022ko ekainean, beste afera batean presondegira kondenatuak izan ziren: GUD taldeko buru ohia torturatzeagatik.
Auzi politiko bat
Oihana Teyseyrendako , auzi politiko bat izan da. Azpimarratu du Federico Martin Aramburu zenaren amaren lekukotasuna: "aldarrikatu du politizatu nahi zuela auzia. Argi du ez zutela beharbada Federico hil arrazoi xenofoboengatik, aldiz eskuin muturrak Argentinan ala Frantzian hiltzen duela argi utzi nahi izan du".
Auzi denboran, Mediaparteko kazetaria den Antton Rouget elkarrizketatu zuen Oihana Teyseyrek: "Aramburu aferak argi uzten du zer den izurrite faxista". Hiru asteko auzi horren ondotik, ele horiekin bat egin du Berriako kazetariak. Haren ustez, auziak erakutsi du "eskuin muturra egituratua dela, saretua dela eta parte erradikalena armatua dela, tirokatzen badakite[la]".
Emaitza xuxena?
Hiru asteko ez ohizko auzi horren ondotik, presondegira kondenatuak izan dira lau akusatuak: Loïk Le Priolendako 26 urte , Romain Bouvierendako hemeretzi, Lyson Rochemyrendako eta Anthony Sorrentinorendako hiru.
Oihana Teyseyren erranetan, familia aski lasaiturik atera da emaitzaren ondotik. Erreakzio gutti aldiz akusatuen aldetik. Oraindik zonbait egun dituzte dei egiteko.