Ruper Ordorika

·

Musikaria

«Uste dut bizitzari abiada hartzeko modu bat ere badela hau»

Uste dut bizitzari abiada hartzeko modu bat ere badela hau
Ruper Ordorika Saran. EUSKAL IRRATIAK
Maia Muruaga
2025/11/20 14:38

Aurten 45 urte betetzen dira Ruper Ordorikaren lehen diskoa " Hautsi da Anphora " argitaratu zenetik eta bidea egiten segitzen du musikariak. Bere lan berrienak "Lurra ikutu barik" du izenburu eta 11 kantu dakartza. Ibilbideaz galdetuta Ruper Ordorikak zera erantzun digu: " Lehendabiziko diskoa 24 urterekin atera nuen eta ez nuen batere pentsatzen inolaz ere bigarrenean edo hirugarrenean. Eta oraintsu ere badut beti sentsazioa beharbada hau dela eginen dudan azkena; baina gero hasten zaizkit kantuak etortzen... Uste dut bizitzari abiada hartzeko modu bat ere badela niretzako hau, gure mundu hau amiñi batez konprenitzeko; eta horretan dihardut, hau da nire pasioa ".

Orotariko gaiak ekartzen ditu lan berri honetara eta doluaz edo hutsuneaz mintzo den kantuarekin irekitzen du diskoa, Ruper Ordorikaren erranetan: " Ez da hautatua izan; denei gertatzen zaigu eta ez dugu batere ikasia ikasgai hori heriotzarena. Ez naiz ni oso zale norberaren kexak eta arrangurak ateratzen kantuetan baina gainditu egin nau egoera horrek; eta baditut kantu pare bat diskoan gai horietaz, sasoi bat pasa dudalako".

Leo Abrahams (gitarra eta teklatua), Kenny Wollesen (bateria eta bibrafonoa), Jon Thorne ( kontrabaxua), Arkaitz Miner eta Dani Perez musikariak izan ditu bidelagun grabaketan.

Zuzenekoetan "Mugalariak" taldearekin ariko da eta disko berriaren aurkezpen bira abenduaren 7an abiatuko du Larzabalen.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu