Azaroaren 7an, 50 urte eginen du Fernando Aire “Xalbador”zendurik, haren ohoretan antolatua zen omenaldian. Aldudarra den Mikel Erramuzpe-k 20 urte zituen eta bere osaba Mixel Itzainak galdeginik, Xalbadorrenean ibili zen odolaren mintzoa liburuko bertsuen grabatzen.

“Haize hegoa zen goizean eta arratsaldean biziki hoztu zuen” dio Mikel Erramuzpek, Xalbador zendu zen egunaz ontsa oroit da. Urepelen 1500 jende bildua zen Xalbadorreneko Fernando Aire artzain poeta bertsolaria ohoratzeko. Mixel Itzaina eta euskaltzaleen biltzarrak antolatu eguna ongi zoan, bainan arratsaldeko bertso saioan ez ontsa senditurik, Xalbador atera zen taula gainetik eta zorigaitzez Urepeleko herriko eskolan eman zuen azken hatsa.
Ondoko astean Emile Larrek galdegin zion Mikel Erramuzperi, Herria astekariaren lehen orria idaztea Xalbadorren omenaldiko egunaz eta ondoko egunetan iragan ziren ehorzketetaz. Urepele eta euskal herri guzia penetan eman zuen heriotza kondatu zuen eta beretako Odolaren mintzoa, Xalbadorrek idatzi zuen liburua eta zendu zen goiz hartan plazaratua, biblia bezala hartzen du.