Betti Albor

·

MASKAK taldeko musikaria

«‘Ziklikoa’ ez da soilik disko baten izena, baizik eta Maskaken ibilbidean etapa berri baten hasiera»

‘Ziklikoa’ ez da soilik disko baten izena, baizik eta Maskaken ibilbidean etapa berri baten hasiera
Maskak taldea. MASKAK
Artzen Letona
2026/03/04 12:40

Maskak taldeak etapa berri bati ekin dio 2026 honetan. Otsailaren 6an plazaratu dute Ziklikoa izeneko bigarren lana, eta diskoarekin batera, formatu bereziko aurkezpen kontzertu bat prestatu dute martxoaren 6rako, Ezpeletako merkatu estalian. Emanaldi hori berezia eta bakarra izanen da. Sarrerak taldearen webgunean eskuragarri dira.

Orain arte pop-rock doinuekin lotu izan bada ere, taldeak norabide aldaketa nabarmena egin du lan berrian. Betti Alborrek azaldu duenez, bigarren disko honek bilakaera baten emaitza izan nahi du, taldekideen hazkunde pertsonal eta musikalaren isla. Hastapeneko soinuetatik urrunduz, oraingoan bestelako eremu sonoroak esploratzera ausartu dira.

Ziklikoa izenburuak berak adierazten duen bezala, etapa baten bururapena eta beste baten hasiera irudikatu nahi izan dute. Musika elektronikoaren eraginak dira diskoan, eta soinu esperimentalagoak hartu dituzte oinarri.

Taldearen erranetan, Maskak ez da estilo jakin batean giltzapetutako proiektua, baizik eta eraldaketan den sorkuntza espazioa. Lau kideen ibilbide pertsonalak eta musikarekiko duten jakin-minak gidatu dute aldaketa hau, eta bigarren diskoak askatasun handiagoz sortzeko aukera eman die.

Martxoaren 6ko kontzertua disko berriaren unibertso estetiko eta sonoroan murgiltzeko parada izanen da. Emanaldi berezi horren bidez, publikoari esperientzia oso bat eskaini nahi diote, soinuaz harago doan proposamen artistikoa aurkeztuz.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu