%100ean tokian ekoitzitako behikiaren astea antolatu du, hirugarrenez, Herriko Haragiak. 2013 urtean sortu zuten marka hori Ipar Euskal Herrian berean sortutako, hazitako, hildako eta tokian berean kontsumitua izateko ekoitzia den behi haragia balioan emateko, eta gaur egun, hirurehun hazlek osatzen dute. Izan ere, gure lurraldean behiki kontsumoaren %2 baizik ez da tokian ekoizten. Abenduaren 2tik 6ra, Herriko Haragiaren astea ospatuko dute, elkarteko hazleen produktuak ezagutarazteko. Horretarako, hainbat jatetxerekin partaidetzan, Herriko Haragia dastatzeko aukera izanen da astelehenean Ligiko Irrintzina jatetxean, asteartean Mauleko Euskaldunan, asteazkenean Baionako Nuancen, ostegunean Hazparneko La Maison de Pierren, ostiralean Donibane Lohizuneko Erroan eta larunbatean Donibane Lohizuneko Aux Pigeons Blancs jatetxean.