Frantziako Armadak errekutratzea emendatzeko propaganda-kanpaina egin du Baionako Ametzondo merkataritza-gunean. Horren kari, Ipar Euskal Herriko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) protesta-ekintza egin du bertan, armadaren kanpaina gaitzetsi eta larriagotzen ari den gerra-mehatxuari buru egiteko. Estatuek inposatzen ari diren agenda belizistari aurre egitera deitu du antolakundeak, eta, horretarako, beharrezkotzat jo du «instituzioetatik at antolatzea». Urtarrilaren 25ean, hitzordua eman du GKSk Iruñeko eta Bilboko manifestazioetan parte hartzeko. Gerlaren eta faxismoaren parean, gazte langileak lehen lerroan izatera deitzen ditu mugimenduak.