Berrikuntza ekonomikoaz hiru hitzordu, Ipar Euskal Herri barnealdean

Euskal Hirigune Elkargoak ekonomia iraunkorraren ikuspegia bultzatzeko hiru saio antolatu ditu. Lehena maiatzaren 8an iragan da Irabarnen (Xiberoa), «Berritu, gutiago kutsatzeko» izenburu pean. Bertan, berrikuntza ekonomikoa eta deskarbonizazioa izan dituzte hizpide. Xiberoako bi enpresaburuk beren esperientziak partekatu dituzte, saioan bildutako beste hamasei parte hartzaileekin, eta Hirigune Elkargoak bultzatu beharko lituzkeen laguntzez eztabaidatu zuten. Heldu den saioa Hazparnen izanen da irailaren 11an, eta ko-eraikuntza izanen dute ardatz. Biharamunean, aldiz, usaiako lanbideetan berritasunak nola garatu gogoetatuko dute Donazaharren.

Mugarrien lasterketa: Hiru eguneko desafioa, Haur Eri elkartearen sustenguz

'Haur eri' elkartearen alde hiru eguneko desafioa abiatuko dute irailaren 14an Ezpeletako 'Izerdi bidez' kirol elkarteko kideek. San Martingo harritik Biriaturaino, mugarrien ibilbidea segituko du lasterketak. Elkartasun ekimen horri buruzko xehetasunak eman dizkigu Izerdi Bidez elkarteko Jean Michel Dirassar, gaurko Goiz Berri saioko gomita.

Maitaldia festibala: Hamar egunez 30 dantza konpainia, 93 hitzordu eta 250 artista

Irailaren 17a arte iraganen da 'Le temps d’aimer la danse' festibala. Hamar egunez 93 hitzordu izanen dira, horietatik 41 urririk. Jakes Abeberri zenaren omenezko maitaldia izanen da aurtengoa eta Mizel Teret, Pantxika Telleriaren Elirale konpainia, Dantzaz konpainia, Ziomara Hormaetxe edota Jon Maya izanen dira euskaldunen artean. Biarritzen izanen dira hitzordu nagusiak baina Baionara, Errenteriara, Maulera, Atarratzera edota Bardozera ere mugituko da aurten Le temps d’aimer, Maitaldia festibala. Txarteldegia jadanik irekia da, internet bidez erosi daitezke sartzeak edo turismo bulegoetan.

Peyuco Duhart kulturgunea estreinatu dute Donibane Lohitzunen

Kulturgune berriak 2.100 metro karratuko tamaina ukanen du, eta Harriet Baita gunean eraiki dute, Duconte karrikan. Proiektuak 11.700.000 euroko inbertsioa galdegin du; erdia pasa bere gain hartu du Donibane lohizuneko herriko etxeak, abatsu laurdena Euskal Hirigune Elkargoak eta gainerakoa frantses Estatuak, Akitania Berriko eskualdeak eta Prinio Atlatikoetako departamenduak diruztatu dute. Eraikin berrian musika, kantu, dantza eta antzerki eskolek beren eremua ukanen dute. Baina erdigunean, 'Tanka' izeneko ikusgarri gela sortu dute. Gela moldagarria izanen da, eserlekuetan 500 lagun sartzen ahalko baitira eta aulkiak jasorik 1.600. 'Dama' euskal sorkuntzak estreinatuko du gela ostiral arratsean, eta sarrera guziak bukatu dira dagoeneko.

Nafarroa bizirik: Donapaleu Nafarroako hiriburu izan zela gogoratuko dute

Behinola Donapaleu Nafarroako hiriburu izan zela gogoratuko dute larunbatean, Nafarroa bizirik egunaldiarekin. 1512ko Nafarroako konkistaren ondotik, nafar erresumako erdigune bilakatu zen Amikuzeko hiri nagusia. Horixe 1523ko agorrilaren 28ko Estatu Nagusien aktaren bidez aldarrikatu zen. Urtemuga estakuru harturik memoria lantzeko eguna antolatu du Zabalik elkarteak. Mintzaldiak, bisita gidatuak, ikusgarriak eta musika emanaldiak izanen dira Donapaleun.

Langileen kudeaketa eta ordezkapen sistema hizpide, laborari gazteen elkarretaratzean

Langileriaren kudeaketa, aldaketa klimatikoa, asegurantzak edota laborantzaren aktualitatea... Gai horiek mahai gainean ezarri nahi izan du Departamenduko Laborantxa Ganabarak. Saio berezia antolatu dute Heletako hazkuntza etxalde batean, instalatu berri diren 30 laborari ingururekin. Hitzordu horren bigarren edizioa da; aldi honetan, langileen kudeaketa eta ordezkapen sistema izan dira gai nagusiak. 

Iazko ikasle kopurua mantendu du Seaskak, goranzko joerarekin

Senpereko Kattalin Elizalde kolegioarekin 39. ikastetxea ireki badu ere, 4.177 haurrekin egin da sartzea, haur hezkuntzatik lizeora. Kopuruak mantentzen dira beraz, bereziki lizeoan eta kolegioetan irabazi, eta lehen mailan galdu baitira haurrak. Bestalde, Kattalin Elizalde kolegioko lurra erosi beharko du Seaskak. Lehengo herriko etxearekin adostu « enfiteusis » izeneko alokairu kontratu luzea ez du baimendu prefetak. Ondorioz, Seaskak Senpereko lurra erosi beharko dio herriko etxeari. Prezio eta ordainketa moduak adostekoak dira oraino. Bestalde, eraikitzen ari den aterbea partekatuko du ere Senpereko SPUC kirol klubarekin.

Urdazubin ospatuko da Ameriketara emigratu zuten artzainen besta

Ipar Ameriketako euskal artzainak eta beren senideak bat eginen dute Euskal Herrian, Amerikanuen bestan. Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko kideek irailaren 9an antolatu dute ekimena, Urdazubin. Aurten, ospakizunaz harago, Ameriketara emigratu zuten Xaretako (Urdazubi, Zugarramurdi, Ainhoa, Sara) artzainen datuak biltzen dituen liburua aurkeztuko dute. Liburua Alexandra Larraldek egin material eta informazio bilketaren emaitza da, Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen datu basearekin osatua izan dena. Egun osoko egitaraua antolatu dute: goizean artisauen merkatua eta euskal diasporaren inguruko erakusketa izanen da, eguerditan elizkizuna Menditarrak abesbatzarekin eta ondotik, bazkari handia. Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko lehendakaria den Laura Igantzik xehetasunak eman dizkigu:

Kanbo: Afterwork bat euskaraz, lan-harremanak sendotzeko

Lehen aldiz hiru enpresaburuk afterwork bat antolatuko dute euskaraz, Ipar Euskal Herrian. Langile eta enpresaburu euskaldunen arteko lan-harremanak indartzea da helburua. Seigos, Mamia Kolektiboa eta Albizua Ingenieritza enpresek abiatu dute egitasmoa, Bai Euskarari elkartearen babesarekin. Villa Bleue ostatuan eginen dute ostegunean, arratsaldeko 18:30etan. Antolatzaileek aurkezpen labur bat eginen dute hastapenean, eta ondotik, trukatze momentua izanen da. Isaak Elduaien, Seigos enpresako burura eta «Lanetik Lekora - Afterwork Eskuaraz» ekimeneko kidea izan da Goiz Berriko gomita.