Ostegunean hasiko da xingar feria Baionan. Urtero bezala, 200.000 pertsona inguru goaitatzen dituzte antolatzaileek, eta horrek segurtasun neurri zorrotzak galdegiten ditu bestaren esparruan. Haatik, Frantzian bizi den egoera sozial gatazkatsuaren testuinguruan, CRS polizia brigada gutxiago igorriko dituzte aurten Baionara. Hori dela eta, herriko etxeak ostatuak oren bat lehenago hesteko deliberoa hartu du. Erabakiak, ordea, ostalarien ezinegona piztu du, diru galtze handia ukanen dutela salatu baitute. Kasu, ostalariak kexu kolektibokoen arabera, deliberoa «berandu eta adosmenik gabe» hartu du Baionako herriko etxeak. Inflazio eta prezio emendatzeen ingurugiroan, haien usaiako irabazien galtzeaz ohartarazi dute merkatariek.
Iparraldeko euskalgintzako eragileak sustatzeko, EEP Euskararen Erakunde publikoak eta Eusko Jaurlaritzak abantsu bi milioi euroko funtsa eratu dute. Hitzarmena ez da usaiaz kanpokoa; izan ere, badira hamasei urte elkarlan hori berresten dutela urtero. Aurten, Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro eskaini ditu, eta 1,5 milioi EEPk. Jakin, heldu den urtean, EEPren egitura berritzekotan dela, bost urtero bezala. Gainera, aitzinkontuak eta egitura bera emendatzeko negoziaketak ireki beharko ditu frantses Estatuarekin. Parada izanen da euskararen inguruko eragile ezberdinek bizi dituzten zailtasunak aitzinean jartzeko. Antton Kurutxarri EEPko presidenteak eta Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politiken idazkari-ordeak ageraldi bateratua egin dute Baionan.
Luzaz erdarazko obra ezagunen itzulpenak plazaratu ditu Ikas euskal pedagogia zentroak, euskarazko irakaskuntzako beharrei egokituz. Haatik, azken urteetan haur literaturan izandako loraldiari esker, euskaraz sorturiko hainbat lan argitaratu berri ditu. Horietarik batzuk, gainera, kolegioan diren gazteei zuzenduak izanen dira. Argitalpen berriak horiek Eneko Bidegain, Xantal Barneix-Elizagarai, Elise Dilet, Antton Hariñordoki, Laure Gomez, Xalbat Itzaina eta Paxkal Bourgoinen obrak dira. Izenburu batzuk nabarmentzearren, "Muga guztien gainetik", "Basajauna", Izar saltzailea", Intza eta Tomas" edota "Hartz arrea, Pirinioetako hartza" aipa genitzake.
Euskal Kultur Erakundeak (EKE) 2023ko Biltzar nagusia egin du apirilaren 1ean, Donapaleun. Usaian bezala, iragan urteko jardunaren bilduma eta kontuak aurkeztu eta onartu dituzte. Baina hitzorduak bazuen bestelako garrantzia ere; izan ere, parada baliatu dute EKE-ren 2023-2026 epealdiko bide-orriaren berri emateko. Plangintza berriak erakundearen jarduna eta funtzionamendua egokitzeko xedea du, mundializazioak kultura gutxituengan izandako inpaktua eta elkarte munduak bizi dituen zailtasunak kontutan hartuz. Elkar gurutzatzen diren hiru ardatzetan eramanen du EKEk bere jarduna. Alde batetik, Euskal Etnopoloaren bidez kultur elementuen bilketa eta ikerketa bultzatuko dute, ondotik eduki hori hedatua izanen da. Xede horrekin, euskal kulturaren transmisio eta komunikaziorako estrategia garatu dute. Hirugarrenik, elkarteen arteko lankidetzaren alorrean sakonduko dute, ELKARTUZ elkarte ekosistemaren egituratze egitasmoarekin. Horixe ukan dugu hizpide gaurko Euskal Irratietako gonbitaren tartean, Johañe Etxebest, EKEko zuzendariarekin:
Urtebete pasa iragan da Ukrainako gerla hasi zela, Europa azkarki kolpatuz. Testuinguru horretan, «NATOren kontra, gerla eta basakeria kapitalista gelditu» lemapean manifestaldia eginen da arratsalde hontan Baionan. Gerla inperialistak eta hark langileriarengan eragin dituen ondorio kaltegarriak salatu nahi ditu Kontseilu Sozialistak. Mobilizazioa arratseko 19:30etan abiatuko da Baionako herriko etxetik.
Erdaldun portzentaia koska bat gorago, euskaldunena pundu bat beherago. Ipar Euskal Herriko zazpigarren inkesta soziolinguistikoa aurkeztu dute atzo. Eta emaitzak ez dira gozoak. Hogei urtetan euskaldunak lautik bat izatetik, bostik bat izatera iragan dira. Orotara, 51.000 euskal hiztun dira Iparraldean. Datu absolutua mantendu da beraz, baina kanpotik heldutako erdaldunen kopurua emendatu egin da. Baliapenari begira, %7k baliatzen dute euskara frantsesa baino gehiago, edo berdin. Antton Kurutxarri EEPko lehendakaria izan da gaurko Euskal Irratietako gomita.
Sarako Idazleen biltzarraren 40garren edizio iraganen da apirilaren 10 eta 11an. Ehundik gora idazle, hemeretzi argitaletxe eta hamazazpi elkarte bilduko dira Sarako kiroldegian, eta lehen egunean 22 berrikuntza aurkeztuko dituzte. Asteartearekin liburugintzako profesionalen eguna antolatzen du berriz ere Biltzarrak. Aurten Euskal Literatura Klasikoa izanen da aztergaia. Gidor Bilbao EHU-ko irakasleak edota Xabier Monasterio idazleak emanen dituzte mintzaldiak.
Ehunka zauritu eta atxilotu izan dira azken hilabeteetako mobilizazioetan. Erretreten erreformaren kontrako manifstaldien ondotik liskarrak nagusitu dira Frantzian barrena. Era berean, Sainte Solineko ur-biltegien kontrako mobilizazioan berrehun bat zauritu eragin ditu frantses poliziak. Preseski, indar polizialen jarrera oldarkorra salatu dute atzo Baionako Suprefetura aitzinean, 300 pertsona inguruk. Sainte Solinen bizitakoaren lekukotasuna eman digu Luxi Detxartek.
Baxoa euskaraz iragateko eskubidea aldarrikatzeko, bizikleta martxa eginen dute Bordale eta Baiona artean. Eztitxu Robles kolegioko hirugarreneko hogei bat ikaslek burutuko dute ibilbidea bost egunez. Apirilaren 18an abiatuko dira Bordaletik, eta orotara 200 kilometroko distantzia ibili beharko dute, egunero 50 kilometro eginez. Haien iritsierak apirilaren 22an Euskal Konfederazioak antolatu manifestaldiaren bat eginen du.
- Prekaritatearen gurpil zoroarekin hautsi nahi du Uda Lekuk
- Bi eguneko lan uztea antolatu dute Baionako portuko arrantzaleek
- Baionan, 10.000 manifestaritik goiti atzo erretreten erreformaren kontra
- Gazte laborarien arrangurak partekatzeko kafe-transmisioak
- Euskarazko brebetarik ez, irakaskuntza elebidunean
- Ur-biltegi handien polemika zapartatu da
- Ipar Euskal Herriko iturrien %30 idortuak izanen dira 2040rako
- Aritz Mutiozabalen 'Zetakak' eta Xan Idiarten 'Nostalgia ez da salgai', Maiatzen argitalpen berrien artean
- Baionako etxebizitzen %20aren metro karratua, 4.200 eurotara murriztu nahi du herriko etxeak