Itxura berria ukanen du Baionako Mousserolles parkeak

Baratze partekatu bat eta aisialdi gune bat izanen dira, besteak beste, eta parkeko lau sartzeak ere eraberrituko dituzte. 2024ko urriaren 17ko kontseilu bilkuran bozkatu zuten eta orain hasi dituzte obrak. Sei hektareako gune naturala monumentu historikoetan sartua da eta auzoetako kontseilu bilkuretan aipatu ondoan Mousserolleseko zirkulu berde guztia moldatuko dute. Hiru eremu ezberdin izanen dira, baratze partekatu bat, kanpoko ikusgarri eremu bat eta aisialdi eta pausa gune bat. Irisgarritasuna errazteko bideak berrituko dituzte, baita kasamatak eta eraikinak ere. Lehen zatiko obrak abiatuak dira, baratze partekatuak eginak dira eta obrak 2025eko udan bururatuko dira. Bigarren partea hortik goiti abiatuko da kultura eta animazio gunearentzat eta azkenik pausa gunea eginen dute, landare eta arbola landatzeekin. Lau urteko proiektua da, 800.000 euroko kostuarekin. Urtean 200.000 euroko inbertsioa eginen du beraz Baionako herriak.

Betharrametik Uztaritzera, bortizkeria kasuen salaketak biderkatuz doaz

Bihotzak askatzen ari dira, ikastetxe pribatu katolikoetako ikasle ohien artean. Betharrametik Uztaritzera, bortizkeria jasan duten ikasle ohiak biderkatzen ari dira. Sare sozialetan, Uztaritzeko San Frantses Xabierretik pasatu diren 30 bat ikaslek bat egin dute talde batean, eta biktima batzuk lekukotasunak ematen hasi dira. Horien artean da Cyril Ganne. Bederatzi urterekin sartu zen Uztaritzeko San Frantses Xabier kolegioan. Joan den otsailaren 17an, ikastetxearen kontrako salaketa pausatu zuen «bortxatze, tratu-txar eta kolpeengatik». 1983an, CM2 klasean zelarik beste ikasle zaharragoengandik jasandakoa kontatu digu: «Ikasle batek bere belaunen gainean etzan ninduen, tripa gainean, eta behatzak sartu zizkidan denen aitzinean. Ondotik homosexuala deitzen zidaten. Horrez gain, beste ikasleengandik bortizkeriak eta lapurretak ere jasan nituen». Bere erranetan Uztaritzeko ikastetxeak begiak hetsi zituen. Ondotik hamalau urterekin, Betharram ikastetxean ere bortizkeria jasan zuen: «moralaren kontrako hezkuntza batean hezi gaituzte, hain handia zen bortizkeriaren lekua».

'Gaua' filmaren erronkari lotu da jada Paul Urkijo zuzendaria

'Gaua' film berria grabatzen ari da Paul Urkixo zinema egilea. 'Irati' edo 'Errementari' filmen ondotik, film luze fantastiko berriarentzat Artikutzan, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan egin dituzte grabaketa batzuk, toki egokia baita gisa horretako eszenak grabatzeko. Sorginen eta beste mitologiako gaueko hainbat pertsonaiei ematen die bizitza errealizadoreak 'Gaua' lan berrian.

«Bordeleko merkataritza, turismo eta komunikazio ikasleek euskara ikasteko beharra adierazi dute»

Bordale Montaigne unibertsitatean euskara ikasteko parada ireki da. Heldu den irailetik goiti LEA Hizkuntza Aplikatuak izeneko lizentzia berri batek irekiko ditu ateak. Ingelesa, Euskara eta Espainola ikastea proposatuko zaie lehen urteko ikasleei. Zazpi eta hamar orenez astean euskara ikasten ahalko dute. Denei irekia zaie saila, ondotik merkataritza, turismoa edo komunikazioan lan egiten ahalko dute ondotik, edota ikasketekin segitu. Denbora berean, irailean beti, Parisen, Sorbonne Nouvelle Unibertsitateak euskara eta euskal kulturaz ikasteko aukera emanen die lizentziatuei, Iberiar penintsulako eskualdeko hizkuntza eta kulturen berezitasunaren barnean.

Euskal ekoizleek urrezko hamaika domina eskuratu dituzte Pariseko Laborantza saloian

Urrezko hamaika domina ekarri dituzte euskal ekoizleek Parisko laborantza saloitik. Xarkuteria sailean erdietsi ditu Iparraldeak bere urrezko domina gehienak: Elizaldia etxaldea (Gamarte), Aubard xarkuteria (Baiona), Les Acacias etxaldea (Ahurti), Hoberena (Ligi-Atherei) eta Jara Xolan (Azkarate). Edarietan Hazparneko Bob's Beer eta Irulegiko sotoa izan dira urrezko sariztatuak. Garagardo egile hazpandarrak brontzezko beste bi domina ere bildu ditu, eta ardogile baigorriarrak zilarrezko eta brontzezko domina bana. Esnekien sailean, Agour (Heleta), Onetik (Makea) eta Etxaldia (Aldude) enpresak izan dira sariztatuak. Zilarrezko bederatzi eta brontzezko hamasei domina irabazi dituzte euskal ekoizleek Pariseko saloian.

«Gazteon herria» sortzeko bost proposamen plazaratu ditu Xuti Gaztek

«Ipar Euskal Herria gaztez odolusten ari da». Sail berriak sortu goi-mailako ikasketetan, etxebizitza sozialak egin gazteentzat edo aisialdia euskaraz bermatu… Hamabost proposamen konkretu egin ditu Xuti Gazte ezker abertzaleko gazte antolakundeak. Liburuxka bat plazaratu dute gazteak hunkitzen dituzten bost gai zehaztuz: goi mailako ikasketak, etxebizitza, euskara, garraio publikoak eta lan baldintzak. Xuti Gazte ohartu da urtean hirurehun gazte galtzen dituela lurraldeak, Ipar Euskal Herria ez baita aski erakargarri haientzat. Proposamen konkretuetan bereziki euskararen normalizazioaren alde Xuti Gaztek dio euskal hiztunak behar direla administrazio publikoetan, murgiltze ereduaren hedatzea edota gazteen aisialdiak euskaraz bermatzea.

Sarako Izarrako pilota hezitzaile bat sexu jazarpenagatik akusatua

Sexu jazarpen kasu bat aztertzen ari dira jendarmeak. Sarako hamabost urteko neska batek salaketa pausatu du Sarako Izarra pilota elkarteko hezitzaile baten kontra. Bi aldeak entzunak izan dira joan den astean eta gizona atxiloaldian egon da. Askatu dute baina inkesta aitzina eramaiten ari direla jendarmeak baieztatu dauku Baionako auzitegiak. Gizonak argazki pornografikoak igorriak lizkioke neskari. Jerome Bourriek prokuradoreak baieztatu duenez adin txikikoen kontrako «galbideratze erasoak» egiteagatik ikertzen ari dute hezitzaile ohia. Anartean, Sarako Izarrak hezitzailea taldetik baztertzea deliberatu du eta pilota elkarteko familia guziak abisatu ditu gutun bidez. FFPB Frantziako pilota federazioak lizentzia ere kendu dio.

Gobernantza krisia zapartatu da Iparraldeko Eusko Ikaskuntzan

«Egoeraren eztitze» bat espero du Iparraldeko Eusko Ikaskuntza elkarteko presidente berria den Virgil Joseph Alexandrek. Azken aste hauetan krisiaren gailurrean da Eusko Ikaskuntza, erakunde sozio-kulturala. 2023tik lehendakari zen Claude Mehatsen kudeaketa zalantzan jarri du Eusko Ikaskuntza Iparraldeko Administrazio kontseiluaren parte batek. Urtarril bukaeran Claude Mehats kanporatu eta lehendakari berri bat izendatu dute, Virgil Joseph Alexandre. Baina Hego Euskal herriko egiturak ez du onartzen aldaketa hori. Iparraldeko egoitzaren sarraila aldatu eta marka zein egoitza erabiltzeko baimena ukatu dio Ipar Euskal Herriko egiturari. Diotenez Iparraldeko Eusko Ikaskuntzaren funtzionamenduaren inguruan «irregulartasunak» antzeman dituzte.

Eneko Gorri: «Haur eta gurasoen euskara gaitasuna hobetzea eta hizkuntza usaiak aldatzea dugu xede»

Barnetik, familien hizkuntza usaiak eraldatu egonaldi batzuen esker. Plazara kooperatibak bultzaturik eta beste eragile askoren elkarlanarekin bost eguneko bi egonaldi proposatuko zaizkie familiei, pazkoko bakantzetan. Helburua da euskara presenteago izatea familiaren egunerokoan. Horretarako egonaldi hauetan goizetan helduentzat euskara klaseak izanen dira eta arratsaldetan haurrekin aktibitateak. Baigorrin edo Arbonan iraganen dira egonaldiak baina Hego Euskal Herriko eragileekin ere antolatu dute egitaraua, eta adibidez, Lesaka bisitatuko dute ere parte hartzaileek. Martxoaren 15a arte izanen dira izen-emaiteak, lekuak mugatua dira eta 3-11 urte arteko haurrek parte hartzen ahalko dute. Egonaldi bakoitzaren prezioa 300 eta 650 euro artean izanen da.