ALERT PYR mugaz gaindiko proiektua abiatu dute mugatik hurbil dauden suhiltzaile ezberdinek. Helburua iparraldeko eta hegoaldeko suhiltzaileen arteko elkar ezagutza eta elkarlana sustatzea da, horretarako tresnak sortuz. Jadanik, 2018 eta 2021 artean, ALERT proiektua abiatu zuten xede berarekin. Proiektu hori segitzeko gogoarekin abiatu dute ALERT PYR ekimen berria. Orain arte, mugak interbentzioen banaketa egiten zuen; hau da, iparraldean istripu bat gertatzen bazen, iparraldeko suhiltzaileek segurtatzen zuten interbentzioa, hegoaldeko kaserna bat istriputik hurbilago egon arren. Helburua, beraz, elkarlana eta eraginkortasuna areagotzea da. Proiektu honetan Iparraldeko, Gipuzkoako, Nafarroako, Aragoiko, Pirinio Garaiko, Garona Garaiko eta Aran Ibarreko suhiltzaileak parte hartzen dute.
Lorea Agirre antropologoa eta kazetaria izan da goiz honetako gomita Goiz Berrin. Azken 10 urteetan Jakin aldizkariko zuzendaria izan da, baina Jakin duela 68 urte sortu zen Arantzazuko fraidetxean, euskal kulturari bide emateko eta euskal pentsamendua lantzeko.
68 urte beranduago, bizirik jarraitzen du Jakin, arrefreskatuta eta gazte eta feminista izanik. Euskal pentsamenduan oinarrituta eta gaur egungo gaiei buruzko gogoetarako leku izaten jarraitzen du. Aldizkariak itxura zaharberritu du eta haien webgunea eta plataformak ere eguneratu dituzte.
Gaur hasiko da Lurrama, laborantza herrikoiaren pesta, ofizialki. Atzo gauean Kortsikako eta Euskal Herriko egoera instituzionalari buruzko hitzaldi ez ohikoa antolatu zuten, eta gaur goizean, 11:00etan, izango da akta ofiziala. Arratsaldean, laborantza herrikoiari buruzko hitzaldi bat izango da.
Biharko egunean, elikaduraren inguruko hitzaldi desberdinak antolatu dira. Igandean, aldiz, unibertsitate herrikoiari buruzko hitzaldi bat izango da. Horrez gain, tokiko produktuekin eta gonbidatu den eskualdeko (Kortsikako) produktuekin merkatua izango da, beti bezala. Kontzertuak eta otorduak ere egongo dira.
Datozen urteko aurrekontua eztabaidatzen ari diren une honetan, proposamen batzuk egin ditu Barnier-en gobernuak. Eta horrek bazterrak harrotu ditu. Aprendizgoa, edo eskola eta lana nahasten dituenarentzat, orain arte 6.000 euroko laguntza proposatzen bazen, laurden bat txikitu nahi dute eta 4.500 eurokoa izatea proposatzen dute.
Enpresa txikiek dituzte, gehienbat, aprendizak enplegatzen, izan okindegietan, ile-apaintzaileetan edo baita harriketa edo margolantza lanetan ere.
Benat Casanave ODACE-ko kidearengana joan gara jakiteko zer pentsatzen duen horretaz eta zer ondorio ekar litzakeen.
Hitzak Lege, garrantzi historikoa izan duten euskarazko testu juridikoak biltzen dituen erakusketa, Baxe Nafarroako hiriburuan ikusgai dago. Baionan, Iruñean, Bilbon eta Euskal Herriko beste hainbat hiriburutan izan ondoren.
Asteazkenean estreinatu zen Donibane Garaziko herriko etxean. Gotzon Lobera, Bizkaitar legegile eta Euskaltzain urgazleak, erakusketaz gehiago azaldu digu. Erakusketa Donibane Garaziko herriko etxeko ohorezko aretoan ikusgai dago abenduaren 6a arte (astelehenetik ostiralera, 08:30etatik 12:00etara eta 14:00etatik 17:30etara). Terres de Navarre-Nafarroako Lurraldeak elkarteak bisita gidatuak eskainiko ditu ondoko larunbatetan: azaroaren 9an, 16an eta 23an, 10:00etatik 12:00etara.
Buruz Buru saioak bi auzapez biltzen ditu: bat Iparraldekoa eta bestea Hegoaldekoa, elkarrekin beren herriei buruz solasean aritzen direnak. Parada ederra da mugaz gaindiko ezberdintasunak aipatzeko eta trukatzeko.
Hilabete honetan, Errenteriako Aizpea Otaegi eta Hiriburuko Alain Iriart izan ditugu Buruz Buru saioan. Errenteria Gipuzkoako herri bat da, Oarsoaldea eskualdean kokatua. Historikoki industria arloan garrantzi handia izan du. Hiriburu berriz, Lapurdiko herria da.Baionaren ondoan kokatua, azken urteetan demografia handitze nabarmena izan du.
Azaroaren 21etik 24ra iraganen da Hazparneko Haritz Barne zinegelan Zinegin jaialdia, eta bertan programazio ugaria ikusteko aukera izango da. Donostiako film festibalean izendatuak izan diren filmak, hala nola "Puzzleak" eta "Azken Erromantikoak", ikusi ahal izango dira, baita "Arg(H)itzen", torturaren inguruko dokumentala ere. Horrez gain, ostiralean zine-kontzertu bat eskainiko da Tattola gaztetxean, urririk. Programazioa osorik ikusteko, Zinegin-en webgunera jo dezakezue. Sarrera gehienak 3 eurotan daude salgai Eihartzea kultur elkartearen Helloasso orrian, hemen.
- AirBnb motako epe laburreko alokairuen abantaila fiskala murriztua
- Baxe Nafarroa, Xiberua eta Biarnoko CPTS egituren aurkezpena Donapaleun
- Iñaki Berhokoirigoin: «Oraingo munduan, iruditzen zaigu kontsumitzailea ere ez dela irabazle»
- Nola Donald Trump berriz hautatua izan ote da?
- Badirudi Trumpek Etxe Zurirako lasterketa irabaziko duela
- Valentziara bidaltzeko materiala biltzen ari dira Euskal Herrian
- Jenofa Lamarque: «CPTS-ak hiriko artatzaileak ospitaleekin saretzen ditu»
- 19. edizioa ospatuko du Lurramak azaroaren 8, 9 eta 10ean Biarritzeko Irati gunean
- Euskal Herritik laguntza Valentziara