Baionan Loverdose eta Atharratzen Bekat’uros egin den bezala, Oztibarren Debrien Figurak feminismoaren eta transfeminismoaren inguruan antolatutako egunak arrakasta izan du. Hiru kolektibo izan dira antolatzaileak: Paf talde transfeminista, Baipeletenia kultur elkartea eta BIK Baipeleteneko Irakurle Kluba. Espazio queer, transfeminista eta segurua sortzea da xedea. Jende asko bildu da goizetik, merkatu, erakusketa, bertso saioan eta eguerdiko bazkaritik landa, 50 bat lagunek parte hartu dute bi lantegitan banaturik.
Donamartirin kokatua den Arberoako Ikastolako hiru eraikinetako bat suntsitu zuen suak duela aste bat. Gaur, haurren oporren bukaerarekin, ikaseak ikastolara itzuliko dira.
Aste batez buraso eta langileak lanean izan dira sartzea prestatzeko egoera nahasi hortan. Gure goiz huntako gomitak bezala : Joana Touya ikastolako buraso eta Maialen Etxart erakaslea.
Gaur egun, laborarien heren bat emazteak badira ere, parekidetasunetik urrun da saila. MSA laborantza mutualitate sozialak hainbat etxaldeetako 30 emazte bildu ditu egunerokoan jasaten duten errealitateaz solastatzeko.
Baigorri eta Tafalla herrien arteko senidetzea ospatuko dute asteburuan Baigorrin. 1978an hasi ziren lehen harremanak, baina hautetsien aldaketarekin pixka bat galdu zen ondotik. Haatik, duela hiru urte Tafallakoak berriz Baigorrira hurbildu ziren. Bihar hasiko dute besta Baigorrin, Bizkarsoro filma proiektatuz Urdozeko kaperan. Ondotik, Ruper Ordorikak eta Joseba Sarrionandiak “Huntaz eta hartaz” emanaldia emanen dute. Ibiakoitzean, behereko plazan izanen da besta, bazkariarekin eta kontzertuekin.
Urzo ehizaren sasoi betea da. Irudi ikusgarrienetako batzuk ikusi daitezke gure mendi lepoetako saretegietan. Etxalar, Aldude, Landibarre, Lekunberri, Oxkaxe, Sara eta Naphalen ehizatzeko manera hori atxikitzen dute. Aurten, aroa euritsua izanik ere, urzoek ederki trabeskatu dituzte gure lurrak, iragan urtean baino sasoi hastapen hobea izan baita. Urzoen ehiza sasoia azaroaren 20ra arte luzatuko da.
Gau Beltza edo Arimen Gaua Euskal Herriko hainbat herritan ospatuko da ostegun gauean. Gaur egun Halloween Estatu Batuetako bestarekin lotzen bada ere, udazkenetik negurako aldaketa aspalditik ospatzen da Europa osoan. Erlijioak lehenik eta amerikar kulturak gero ordezkatu badu ere, Euskal Herrian hildakoen jai tradizionala berriro sortzen ari da zenbait herritan, jantzi tradizionalak eta ohiturak berreskuratuz. Berritzea Lapurdin abiatu bada ere, aurten Izturitzen ere ospatuko da ostiral gauean.
Baionako ospitaleko 300 bat langile batu dira gaur, Frantzia osoko ospitaletako langileen lan baldintza txarrak salatzeko, astearte honetan. Baionako langileen kasuan, hirugarren mobilizazioa zuten, duela hilabete bat jadanik mobilizatu baitziren, ospitaleko zuzendaritzak 2002an «erauntsitako» 35 orduko tokiko akordioan gibelera egin nahi zuelako. Baina geroztik, negoziazioak blokeaturik segitzen dute. Sindikatuen arabera, «zuzendaritzak engaiamenduak galdetzen dizkie langileei, baina haiek konpromiso oro errefusatzen dituzte».
10.000 euroko isuna Homies Holidays sozietatearentzat eta hiru hilabeteko kondena gibelapenarekin eta 3.000 euroko isuna Julie Hoang zuzendariarentzat. Astearte arratsaldean iragan da epaiketa Baionako auzitegian, zeinetan Alda kolektiboa parte zibil gisa aurkeztu zen. Epaileak prokuradoreak galdegin zigorra baino neurri gogorragoak hartu ditu iruzur horren aitzinean. Iruzurragatik pausatu zuten salaketa alokatzaile batzuek Homies Holidays sozietatearen kontra. Legez kanpoko alokatze kontratuak egin zizkieten, urte bateko kontratua onartuz baina bigarren kontratu bat izenpearaziz, etxea lehenago utziko zutela onartuz.
Suak hartu du astelehen gauean Arberoako ikastola. Larrialdi zerbitzuek azaldu dutenez, kutxa elektrikoaren arazo batetik abiatu da sutea. Gaueko 21:30ak irian piztu da sua Donamartirin eta auzo batek eman die deiadarra suhiltzaileei. Ama ikastolaren eraikin prefabrikatua izan da kaltetua, eta erabat kiskali da barne osoa. Bakantzen ondotik haur guztiak hartu ahal izateko eraikinen berrantolaketa eginen dute, eta herriko gela baliatuko dute kantina gisa.
- Baiona erdigunea blokeatu dute feriaketariek, besten data aldaketa salatzeko
- Zurezko eraikuntzak altxatzeko ikerketa-bulego berri bat Xiberoan
- Ur Apalategi: «Estetikari ez ezik, Roland Barthesen jarduna ere gizarte kezkei lotua zen»
- Gizarte eta lurralde kohesioa erdiesteko ibilbide-orria finkatu du Eusko Ikaskuntzak
- Imanol Pradales, AHT proiektuaz: «Argi daukagu Paris eta Madriletik gertuago egon behar garela»
- Antton Kurutxarri: «Kulturgile amateurren sormen-proiektuak bultzatuko ditu ELKIk»
- Amagoia Mujika: «Gazan gertatzen ari zena lehen pertsonan ezagutzea garrantzitsua zela pentsatu genuen»
- 30 gazte trebatzen ari da Baionako Aviron, bere formakuntza zentro berrian
- Iurre Bidegain: «Alexis Juret da bere emazte Laure Zacchelloren desagerpena argitu dezakeen bakarra»