Uztailaren 12tik 14ra iraganen da Muga Gabe zirko festibala, mugaz gaindiko herri ezberdinetan: Urruña, Bera, Biriatu eta aurten Azkainen ere. Bere 3. urtea ospatzeko, festibalak antzezlan eta diziplina ugari bilduko ditu, izan dantza edo akrobaziak eta gehiago ere. Artista ugari hurbilduko dira beren antzezlanak ematera, mugako bi aldetatik. Zirko mota ugari badira. Festibalaren kasuan, antzezlan gehienak dugun zirkoaren irudiaz urrun dira. Hau da, zirko garaikidea izanen da. Antzezlanak eta sorkuntzak urririk izanen dira. Tailerrak ere izanen dira zirkoan iniziazioak egiteko, gehienak ere urririk.
Karrikaldi Ttiki lehen aldiko iragan da atzo arratsalean Baionako besten kari. Ostegunarekin haurren eguna ospatzen da eta beraz Baionako ikastolako burasoek beregain hartu dute programazio berezi bat eskeintzea gazteei. Dantzazpi Ttiki eta Haur kantu Txapelketako finalistak aritu dira Jacques Portes plazan.
200 kilo biper ezti erre dira asteazken goizean Baionan, besta hastapeneko Biper Omeletaren lehiaketarentzat. Urtero bezala bestak ofizilaki hasi aintzin 30 bat peñak parte hartu dute goizeko ekitaldian. Helburua da iparraldeko biper eztiaren ekoizpena ezagutaraztea, bai eta elkarte baten alde dirua biltzea. Lehiaketa Gela Ttiki peñak irabazi du. Txapelketaren etekinak Gixuneko Nino haur elbarritu baten alde joango dira, xuxen Nino and Co elkartearentzat.
Angeluko Cyclopotes elkarteak ikusmen-gabeko jendeer parada ematen die bizikletaz ibiltzeko. Joan den astean Amikuze eta Oztibarren gaindi pasa dute aste osoa, egun guziez ibilbide desberdinak eginez. Cyclopotes elkarteak xedea du urte guzian itsuek kirola egin dezaten, partikularki bizikleta, haien ongizatea, aisialdia eta osagarriaren bermatzeko. Horretarako, tandemak badituzte. Gehienak bizikletaz ibiltzeko hurbiltzen badira ere, zenbaitzuk hurbiltzen dira ere apairuetan parte hartzeko, edo, logistikan laguntzeko. Larunbat guztiz ateraldi bat egiten dute, gainera, hiru aldiz urtean egun osoko ateraldia ere egiten dute ostatuan bazkalduz, azkenik, urtean behin, egun batzuetako egonaldia antolatzen dute, gauak barne, joan den astean egin duten bezala; Amikuze eta Oztibarren. Kide gehienak Angelu ingurukoak badira ere, barnealdetik ere bada joaten denik. François Clavier Cyclopotes elkarteko presidenteak, dei egiten die ikusmenik gabeko jendeer hurbil daitezela elkartera.
Iaz antolatutako lehen edizioan, Ziburuko hiriak 1.000 lagun bildu zituen pilota plazan Lur eta itsaso afaria kari, Idokirekin eta Pleine Mer elkartearen adiskideak diren arrantzaleekin elkarlanean antolaturik. Arrakasta honen ondorioz, hiriak ekitaldia berriz antolatuko du datorren Uztailaren 19an, etxaldeetako ekoizleak eta tokiko arrantzaleak ohoretan ezartzeko. Bigarren aldikotz antolatzen duen ekintza honen bitartez, Ziburuko hiriak tokiko kontsumo iraunkorra bultzatzeko eta sustatzeko xedea du. Animazioak ere eskainiko dira: Patxi eta Konpainia taldeak mutxikoak emanen ditu eta haurrentzako animazioak izanen dira ere Sarde-Sardexka elkartearen eskutik. Ingurumenaren alde ere, bakoitzak bere mahain-tresneria (sardeska, labana etab.) errekomendatzen du herriko etxeak, hondakinen murrizteko.
Asteazken honetan irekiko dira Baionako bestak usaian baino goizago, bai egutegian bai tenorean. Gisa berean, Patxa plazako besta alternatiboak arratseko 6etan abiatuko dira. Aurten ere bestaren eredu euskaldun, feminista eta herrikoia sustatu nahi izan dute Gaztetxeko kideek. Horrez gain, parte hartu dute « 2032 kolektiboarekin » eraman den lanketan herriko etxearekin.

Jon Casenave Euskaltzain oso izendatu berri du Euskaltzaindiak, Beñat Oihartzabalen tokia hartuko du unibertsitateko literaturako irakasle erretretadunak. Casenaveren izendapenarekin, Euskaltzaindiaren historian, ehungarren euskaltzain osoa izanen da.
Joan den astean, Ainizan etxaldeetako lana aipagai izan dute laborariek laborantxa ganbarak antolatu duen seminarioan. Erran behar da geroz eta gehiago presente dela lan zamaren txikitzeko eztabaida. Horretarako, lan ardatz desberdinak jorratu dituzte.
Bigarren itzulian %72,15eko parte hartzea izan zen Hego Lapurdiko bozka eremuan, lehen itzulian baina puntu eta erdi goragoa. Fronte Popular Berriak irabazi ditu hauteskunde legegileak Pirinio Atlantikoetako 6. hautesbarrutian, Peio Dufau izanen delarik diputatu heldu diren urteetan. Bozen %36,28 bildurik, 27.117 bozekin, historiako lehen diputatu ezkertiar abertzalea izanen da. Dufauk 5468 bozka gehiago bildu ditu lehen itzuliarekin konparatuz.
- Peio Dufau: «Orain badakigu gutaz anitz espero dela, badugu lan anitz egiteko»
- Jakes Bortairu: «Badugu norbait gure problematikak Parisera eramanen dituena»
- Besta giroan ospatuko ditu 50 urte Iparraldeko Orkestrak
- Joanes Curutchague eta Abenttin Dubois: «Sekulako lana da baina apreziatzen duguna»
- Marie Hirigoyen Bidart: «Sentitu dugu momentua zela zerbait sortzeko heldu den urterako»
- EHZko desmuntaketa bukatzekotan da
- Itaiak eraso matxisten kontrako babesgunea antolatuko du Baionako bestetan
- AS Baionako neskek denboraldi ona egin dute errugbian
- B eta B espazioan erakusketa estreinatu berri dute