Industria eta turismo sailetan esperantza berpiztu da, aldiz, komertzio eta eraikuntzan ikusgarritasun falta sentitzen da oraino. Azken seihilekoaren datu ekonomikoak aurkeztu ditu CCI Baionako merkataritza eta industria ganbarak. Enpresa sortzeen kopurua apaldu da 2023an aitzineko urteari konparatuz, eta hetsi diren enpresen kopurua ere apaldu da. Baina zailtasunengatik prozedura desberdinak abiatu dituzten enpresak gero eta gehiago dira. Egoera ez da egonkorra beraz, eta Euskal Hirigune Elkargoak igo nahi duen CFE enpresen lurren gaineko kotizazioa ez du batere begi onez ikusten André Garreta CCIko presidenteak. Berri ona da inflazioa beheiti doala, baina oraindik kezka nagusien artean gelditzen da, ezin baitute etorkizuna argiki aurreikusi enpresariek.
Krisia piztu da Enargia kooperatiban. Administrazio Kontseiluak zuzendari nagusiaren kargutik kendu du Patxi Bergara, eta Erik Le Leuxhek ordezkatuko du. Langileek greba mugagabea abiatu dute neurri horrekiko desadostasunez. Iban Lizarralde Enargiako presidentearen hitzetan Bergararen posizioa «ez da onargarria kooperatiba batean». Administrazio kontseiluari jakinarazi gabe Bergara lehendakari duen Geroa fundazioari 10.000 euroko ekarpena egitea leporatzen diote zuzendari nagusi ohiari, baita 7.000 eurotik goitiko hilabete saria galdegitea. Kooperatibako zuzendaritza ukatu bazaio ere, administrazio eta finantza zuzendari gisa lansaripean segitu ahalko du Bergarak, Lizarralderen arabera.
Urteak eman ditu Nicole Lougarot buhameen historia ikertzen. Bi liburu argitaratu ditu «historiarik gabeko» populu horrek Ipar Euskal Herrian ukan duen garrantzia ageria emateko. Artxibo lan handia egin du Lougarot-k, eta horri esker jakin zuen, 1802 urtean buhameen kontrako sarekada handi bat izan zela iparraldean. Xiberoan ere presentzia handia ukan zuten, eta horren zantzuak Maskaradetan atzeman daiteke, buhame izeneko pertsonaiengan. Maskaradetan pertsonai horien kontrako arrazakeria salatu izan du Lougarot-k. Otsailaren 24ean Mendikota herrian instalatu ziren buhame eta agoteez mintzaldia eskainiko du.
Ezterenzubitik Milafrangako Xapitaliara, Errobi ibaiaren zaindari AAPPMA elkartea. Mendeurrena bete du Errobiko arrantza elkarteak. Gaur egun bi langile ditu tokiko arrain espezien aktibitatea segitzeaz gain, erreka bazterrak, arrantzaleak eta arroko laborariak zaintzen dituztenak. Eskolaz eskola ere sentsibilizazio lana egiteko saioak egiten dituzte. 1923an sortu zen Errobiko AAPPMA elkartea, eta mendeurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. besteak beste, otsailaren 24 eta 25ean Larresoroko gelan arrantzari buruzko erakusketa berezia ikusgai ezarriko dute.
Korrikaren abiatzerako prestatzen ari da Irungo hiria. Tokiko elkarteekin elkarlanean ari da AEK antolakuntza lanetan, eta Irungo berriki Irungo Harrera sarearekin agerraldia egin dute. Egoera administratibo irregularrean daudenen hizkuntz-eskubideak administrazio publikoen agendan ezarri nahi izan dituzte AEKk eta Irungo Harrera Sareak. Korrika Kulturalaren baitan ‘Paperezko Bizitzak’ adierazpena aurkeztu dute Oiasso Museoan egindako 'Hizkuntzak Mugarik Gabe' ekimenean.
Ama-hizkuntzen nazioarteko eguna ospatuko dute Baionako Euskal Babel eta Jakinola elkartee. Horretarako mintzaldia antolatu dute Michel Feltin-Palas idazle eta kazetariarekin. Frantses estatuan hizkuntza aniztasunaren alde lan egiten du Feltin-Palasek, eta L’Express egunkariko ohiko kolaboratzailea da. Mintzaldi nagusia aitzin, beste konferentzia bat eskainiko du, euskaraz, Marie Pourquié neuropsikologo hizkuntzalariak. Hizkuntza mailan diren patologiak aztertzen ditu Pourquiék, eta horretarako euskarazko baliabideak sortzeko lanari ekin dio. Izan ere, azaldu duenez, «arta pazientearen profilera egokitzeko, bere ama-hizkuntza kontuan hartu behar da». Euroeskualdeko proiektu baten barnean, Ipar Euskal Herrian sortu duten tresna Hegoaldera hedatzea eta beste euskalkietara egokitzea dute xede.
'Ligetx koblakaria(k)' pastoralak baditu bere bi antzezle nagusiak: Marie Urruty eta Ximun Héguiaphal. Madalena eta Luis Ligetx anai-arreben papera antzeztuko dute. Kargu nagusi horien banaketa iragan ostiraleko mustrakan egin dute. Uda honetan bi emanaldi eskainiko dituzte, lehena uztailaren 28an, eta bigarrena, agorrilaren 3an.
Historian sartu da Battitta Ducassou pilotaria. Frantziako buruz burukako berezkoen finalean 40 - 27 nagusitu da Mathieu Ospitalen parean, eta zazpigarrenez jantzi du irabazlearen txapela. Balentria hori erdiesten duen lehena da pilotari itsasuarra. Alta, Ospitalek ongi hasi du partida eta lehen hamar tantoak aise eraman ditu, eskuan mina hasi zaion arte. Buruz buruko txapelketa bururaturik, binazkakoak hartuko du gaina Ipar Euskal Herriko trinketeetan. Ducassou, Bixente Bideondorekin ariko da txapelketa horretan.
Zergak igaiteko aukera ireki da Euskal Hirigune Elkargoan. Larunbateko osoko bilkuran, 2024ko aitzinkontuak eztabaidatu dituzte hautetsiek. «Estatuaren engaiamendu faltaren eta funtzionamendu kostuen handitzearen» ondorioz, «oreka puntu berriak» xerkatzeko deia luzatu dute Elkargoko arduradunek, aurtengo buxetari eta 2026ko finantza perspektibari begira. Igaitea %5ekoa izanen da, besteak beste, lur eraiki eta ez-eraikien fiskalitatean, bigarren etxebizitzen ekarpenetan edota CFE Enpresen lurren gaineko zergetan. Gaiak Bil Gaiten eta Elkarrekin Herriarentzat talde politikoen desadostasuna piztu du, eta Hirigune Elkargoaren eredua zalantzan eman dute beste hautetsi batzuk. 2024ko aitzinkontua martxoko osoko bilkuran bozkatuko da.
- Lau pastoral aurten Euskal Herrian, nehoiz baino gehiago
- Graxi Irigarai: «Merkatua oztopo bat da Euskal Zinema Iparraldean hedatzeko»
- Atharratzeko kolegioan 32 ikasle ber klasean «gehiegi» da
- Azken bostehun urteetako Euskal Herriko mapak, sarean
- Euskara bultzatzeko 500.000 euroko aitzinkontua Baionan
- Ane Irazabal: «Israelek Rafahko mugako pasabidearen kontrola eskuratu nahi du»
- Eñaut Etxamendik jaso du Eusko Ikaskuntzaren ohorezko musika saria
- Cynthia Lamothe: «Euskal Moneta Hegoaldera hedatzeko pilotoa eginen dugu Baztanen eta Donostialdean»
- Bigarren egoitzen auzia hartuko du ardatz Herrian Bizik