Trantsizio ekologikoaren alde lan egiten duten enpresak laguntzeko, 50.000 euro banatu ditu Euskal Hirigune Elkargoak. Lau enpresa izan dira sariztatuak, horien artean arotzeria metalikoan diharduen Mauleko Alkar kooperatiba. Eraikuntza metaliko berriak, berrerabilitako materialekin egiten ditu enpresa xiberotar horrek. Azken urteetan, Nobatek ikerketa zentroarekin lankidetzan, eraikuntzarako baliagarri izanen den ekai berri eta iraunkor bat sortzeko bidean da. Hirigune Elkargoak 15.000 eurorekin lagunduko du Alkar Kooperatibaren egitasmoa.
Korapiloa tinkatzen da Beskoitzeko Ikastolako guraso eta Herriko etxearen artean. Joan den hilabetean jakin zuten gurasoek herriko etxeak ez zuela onartzen ikastola handitzeko eraikitzeko baimena. Bere erranetan, ikastolak ez luke baimena pausatzeko ahalmenik. Gurasoen erranetan, «ikastola prefabrikatuena ustel dadin nahi du herriko etxeak». Oroit, aurten 52 haurrekin egin duela sartzea ikastolak, eta hamar urte direla etxe prefabrikatuetan instalatua dela. Herriaren lurretan instalatzeko adostasuna lortu zuen iaz.
Konpon Txoko birziklategi eta konponketa guneak lekuz eta tamainaz aldatu du. Baionako herriko etxearen aitzinkontu parte hartzailearen bigarren lekua irabazi ondoan, proiektu horrek 50.000 euroko laguntza bildu du. Horri esker, Baionako Forum gunera lekualdatu da, 350 metro karratuko eraikin batera. Oraindik bere aktibitate osoa berrabiatu ez duen arren, Konpon Txokok altzari profesionalak berreskuratu, eta berriz saltzea du xedea.Egitasmoa laguntzaileen lanari esker bizi da, eta gaur egun, mila harpidetu inguru ditu.
Zortzi pilotari izanen dira parez-pare aurtengo Eskulari Pro berezkoen txapelketan, lau bikotetan sailkaturik. Urriaren 4tik 7ra iraganen da lehiaketa, Milafrangako Oihan Bazter trinketean. Lehen bi finalerdiak urriaren 4an jokatuko dira. Lehenik Darmendrail - Ducassou eta Lambert - Etxeberri bikoteak lehiatuko dira, eta ondotik Bideondo - Gixandut eta Iphar - Ospital. Finala urriaren 7an izanen da.
Ahalmen urriko ikasleak laguntzen dituzten langileen egoera prekarioa mahai gainean ezarri dute FO, FSU, CGT eta Sud sindikatuek. Frantses Gobernuak AESH langileen egoera hobetzeko neurririk ez duela proposatzen salatu dute. Ikasturte hastapenetik, CDI kontratu mugagabeak izenpetzeko aukera ireki zaie lehen aldiz, baina haien lan partziala eta hilabete sari murritza ez da aldatzen. Oro har, 800 eta 1000 euro arteko lansaria dute, 24 eta 29 oren arteko kontratuekin. Funtzionario estatutua eta beraz tituludun izatea galdegiten dute. Sindikatuek haien eskakizunak aldarrikatu dituzte asteartean, Baionako ikuskaritzaren atarian.
Bihartean, mugaz gaindiko merkataritza ganbarak koordinatzaile berria du. 2010ean sortua, Biharteanek Nafarroa, Gipuzkoa eta Baionako merkataritza ganbarak biltzen ditu. Orain, Joan Blancok kudeatuko du hiru lurraldeen arteko harremana. Helburua du hiru eskualdeetako enpresen arteko harremanak indartzea eta haien arteko aholkularitza egitea. Sortu zenetik 500 enpresa lagundu ditu. Joan Blanco izan da gure Goiz Berri saioko gomita.
Geroz eta ardi-esne gutxiago ekoizten da Ipar Euskal Herrian. Iaz 65 milioi litro ekoitzi ziren Departamentuan, 2021ean baino %5 gutxiago. Gaur egun, 1.200 ekoizle inguru dira Iparraldea eta Biarno artean, eta denak ordezkatuak dira Departamenduko ardi-esnearen elkarte interprofesionalean. Inflazioaren eraginez, ekoizpen kostuak emendatu dira, eta horrek gasnaren prezioa ere igan du. Aurten, ardi-esne litroaren prezioa zein izanen den ez da argi, baina goiti eginen duela aitzinikusi daiteke. Beñat Saint-Esteben Berria kooperatibako presidentea eta elkarte interprofesionaleko ordezkaria elkarrizketatu dugu Euskal Irratietan:
Glifosatoa baliatzeko 10 urteko luzapena babestu du Europako Batzordeak. Herbizida gisa munduan gehien baliatzen den produktu kimikoa da, eta potentzialki minbizi sortzaile izateagatik ezaguna da. Halere, Europako Elikadura Osasunaren Agentziak ez omen du arriskurik atxeman eta haren baliapena luzatzearen alde agertu da Europako Batzordea. Elkarte ekologistak kontra agertu dira, bistan dena. Urriaren 13an bozkatuko dute Europar Batasuneko Estatu kideek, eta Marc Fesnau laborantza ministro frantsesak adierazi duenez, Frantziak Glifosatoa baimentzearen alde bozkatuko du. Tomas Erguy Biharko Lurraren Elkarteko koordinatzaileak bere arrangurak azaldu ditu Goiz Berri saioan.
Ossau Irati sor-markaren arautegia arindu nahi luke FDSEA sindikatuak. Hori dela eta, lehen aldiz, Biltzar Nagusian ordezkaritza izateko hautagai zerrenda aurkeztu du, ELB sindikatukoaren parean. Urriaren 27a aitzin, sor-marka osatzen duten hiru familiak elkartuko dira. Laborariek aste honetan hautatuko dituzte beren ordezkariak Garazi-Baigorrin, Iholdi-Amikuzen, Xiberoan eta kostaldean. Garazi-Baigorriko bilkuran, FDSEA nagusitu da 96 bozkarekin eta ELBk 62 erdietsi ditu. Urriaren 5ean ekoizle eta gasnategien taldea bilduko da Urdiñarben; esne erosle eta bestelakotzaileak, aldiz, urriaren 27an Biarnon.
Louis Bizkaixipi (FDSEA):
Jerome Etxeleku (ELB):
- Gazteei zuzenduriko lan-eskubidei buruzko liburuxka aurkeztu dute
- Ahateak hegazti-gripearen kontra txertatu behar dituzte hazleek
- Bizitegi hutsen gaineko zerga berri bat ezarriko du Elkargoak
- 1.500 ikasletik goiti ikasiko dute ikasturte honetan Iparraldeko AEK-n
- Lapurtarren Biltzarra ospatu da iragan igandean
- Amikuzera mugituko da EHZ Festibala
- Macronek «autonomia» eskaini dio Korsikari
- Francis Lafargue zendu da, euskal txirrindularitzako ikurra
- Urruñan etxebizitza gehiago eraiki nahi ditu herriko etxeak