Iragan larunbatean ireki zituen ateak Behaskane-Laizketako herriko etxea berriak, herritar eta hautetsien presentzian. Pilota plaza eta elizaren artean kokatzen da eraikin berria. Herriko hirigintza planaren ondorioetako bat izan zen herriko etxeak beste egoitza bat behar zuela, orain arte, eskola pribatuaren eraikin berdinean baitzen. Orotara, 595.000 euroko kostua ukan du proiektuak, eta haren %62a Estatuak, Departamendtuak eta Euskal Hirigune Elkargoak diruztatu dute.
Israelek Gazako hiriaren leku husketa osoa agindu du. 24 oreb eman ditu zerrendaren iparraldean bizi diren herritarrak hegoaldera mugiarazteko. Milioitik goiti pertsona bizi dira bertan. Nazio Batuen Erakundeak agindu hori bertan behra uzteko galdegin dio Israeli. Larunbatetik, 1.500 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek, eta 6.600 baino gehiago zauritu, Gazako Gobernuaren arabera. Hamasek gutxienez 1.300 israeldar hil ditu, eta 3.200 zauritu. Israelek uko egin dio Gazako blokeoa altxatzeari, Hamasek bahituak askatu arte. Hainbat senide desagerturik ditu ere Milia Arranbide Hendaiako israeldarrak. Alta, ez du bat egiten Gazaren okupazioarekin. Gaurko Goiz Berri emankizuneko gomita izan da.
Kulturaren elkargunea eraikitzen jarraitzeko bosgarren harria ezarriko du Borderline Fabrikaren festibalak. Urriaren 12tik 15era musika emanaldi sorta ekletikoa eskainia izanen da Hendaiako geltokiko auzoan. Ostiralean Amorante bakarlariaren diska berria aurkeztuko da.
Bertan behera geldituko da segurki Arxuria mendian pista bat eraikitzeko proiektua. Baztango Independienteak zerrendako hautetsiek iritziz aldatu eta proiektuaren kontra bozkatuko dute. Duela egun batzuk proiektua gaitzetsi zuten hainbat herritarrek Arxuria mendian sorraraziko zituen kalte ekologikoengatik. Baztango Independienteak zerrendako hautetsiek barkamenak galdegin dizkiete kaltetutako herritarrei, eta heldu den bozkaketan kontra bozkatuko dutela hitzeman dute. Fernando Anbustegi Baztango auzapezak azaldu digunez, EH Bilduk ere kontra bozkatuko du. Urriaren 17an eginen den osoko bilkuran hartuko dute delibero berria.
Urriaren 30ean zabalduko dira Ipar eta Hego Euskal Herria artean oraino hetsiak ziren mugako lau pasabideak. Terrorismoaren kontrako borroka estakuru harturik 2021ean hetsi zituzten Hendaiako Avenida zubia, Izpegiko lepoa, Aldudeko pasabidea eta Larraineko lepoa. Urte hauetan, legeak agintzen zuenaren kontra, bide horiek baliatzen segitu dute tokiko herritarrek. Bi urtez mobilizazio eta izenpedura biltzeak antolatu dira mugako pasabideen irekitzea galdegiteko. Tokiko hautetsiek eta hainbat erakundetako ordezkari politikoek galde hori egin diote Frantziako gobernuari, horien artean Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako gobernuak eta Espainiako Gobernuak berak. Tokiko hautetsien artean, Jean-Dominique Idiart Larraineko auzapeza anitzetan agertu da mugen irekieraren alde; orain, kontent agertu da «berantarekin» heldu den deliberoarekin.
Diru kanpaina horren bidez, urteko aitzinkontuaren %15a biltzea dute xede. Iaz, 210.000 euro bildu zituzten. Euskal Herriko Laborantza Ganbarak laborarien formakuntza eta aholku zerbitzuak kudeatzen ditu Ipar Euskal Herrian, eta horretarako 1,4 milioi euroko aitzinkontua darabil. Aurten, trantsizio ekologikoan ezarriko du arreta, agroekolgia, agro-oihangintza eta etxaldeen autonomia bultzatuz. Izan ere, klima aldaketak sorrarazi dituen baldintza berrietara egokitzeko beharra dute Ipar Euskal Herriko laborariek. Iaz bezala, tokiko enpresengana joko dute lehentasunez, horietariko anitzen ekoizpena hertsiki lotua baita laborarien lanarekin. Urriaren 16an abiatuko dute kanpaina, eta sei astez luzatuko da. Beñat Molimos EHLGko lehendakaria izan da Goiz Berriko gomita.
Hilabete bat pasa da eritasun hemorragiko epizootikoaren lehen kasuak agertu zirela Hazparnen eta Etxebarren, eta orain, eritasuna lurralde osora hedatzen ari da. Gipuzkoan 900 kasu baino gehiago agertu dira jadanik. Frantziako Laborantza ministerioaren arabera, eritasuna Ipar Euskal Herriko bederatzi herritan agertu da. Bixente Zozaya Garazi-Baigorri eskualdeko albaitariaren ustez, «epidemiaz» mintzatzen hasi gaitezke. Egunero hamar eta hogei kasu artean tratatzen dituela azaldu digu Zozayak. Hala ere, haren ustez «egoera ez da dramatizatu behar, kasu larriak aski guti baitira eta hiltzen diren behiak ere biziki guti».
Herribiltza kolektiboko bi kide Donibane Garaziko herriko etxean sartu ziren atzo goiz hondarrean. Okupazioa hasi dute, A69 autopistaren proiektua salatzeko eta gose eta egarri greban sartu diren militanteen sustenguz. Erran behar da horietariko bat hil zorian dela. Auzapezarekin mintzatu dira eta posizionatzeko galdegin diote. Hunek dio zaila dela beretzat dosier hortan posizionatzea ez baitu ongi ezagutzen. Suprefeturarekin harremanetan ezarri ditu militanteak, eta azkenean 4.30ak irian atera dira, jakin dutelarik A69 autopistaren obrak geldituak direla bederen ostirala arte. Gose grebalariek ere bertan behera utzi dute haien ekintza.
Iparraldeko CGT Eraikuntza, CFDT, LAB, FSU eta Solidarires sindikatuek, Etorkinekin-Diakite eta Cimaderekin bat egin dute. Lan talde berri bat sortu dute lanean diren etorkin edo errefusiatuak laguntzeko. Bereziki paperik gabeko edo egonaldi egoera prekarioekin direnak aholkatuko dituzte. Hilean behin permanentziak eginen dituzte Baionan, Etorkinekin elkartearen egoitzan. Gain-esplotazio egoerak identifikatzea, erregularizazio aukerak aztertzea eta haien eskubideak nola baliatu ditzaketen azaltzea dute xede. Lan ikuskaritzarekin elkarlanean arituko dira. Bide batez, Frantziako gobernuak bultzatzen duen inmigrazio eta asilo lege berria gaitzetsi dute. Eñaut Aramendi LAB sindikatuko kideak eman dizkigu egitasmo horren xehetasunak Goiz Berri saioan.
- Palestinako bandera kenduarazi du prefeturak Mauleko herriko etxetik
- Ikusi Mikusi: euskarazko haur eta gazte literatura plazara
- Gizarte ekintzaren arloan lana atzemateko tresna berria sortu da
- Diaspora: 25 urte bete ditu Boiseko ikastolak
- Adinekoak zaintzen dituzten senideen osagarri mentala hizpide, Hazparnen
- Haur-xatar berrerabilgarriak alokatzeko laguntza eskainiko du Bil Ta Garbik
- Arbona: eskola berria, hondakindegi ohi baten gainean?
- Baztango eta Baigorriko gazteek loturak ehuntzen segitzen dute
- Maila lokalean eragiteko deia luzatu du Bizik