Nekazaritza Politika Bateratuko laguntzak murriztu dituztela salatu dute

Hitz emandako diru-laguntza ez du beteko frantses gobernuak… 100 bat laborari bildu dira ostegunean Baionako suprefetura aitzinean. Joan den maiatzean, Nekazaritza Politika Bateratuaren (PAC, frantsesez) barnean adostu laguntza berriak murriztu ditu frantses Estatuak. 1.500 eta 2.000 euro arteko apaltzea izanen dela ohartarazi dute, «bereziki instalatzen diren laborari gazteen kalterako». ELB, BLE, Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta etxe ekoizleen elkarteko ordezkarien arrangurak entzun ditu suprefetak, baina ez dute erantzun argirik jaso. Gaiaren inguruan mobilizatzeko prest agertu dira laborariak.

Joana Duhalde: «euskal ekoizpenak Iparraldean ere hedatzeko xedez sortu zen Zinegin»

Udazkenarekin heldu da euskal zinemaren udaberria Hazparnera. Gaurtik igandera iraganen da Zinegin festibala Haritz Barne zine gelan. 12 filma, hiru musika emanaldi eta zinema tailer bat proposatzen du aurtengo egitarauak. Aurtengo titulu nagusien artean dira Paul Urikijoren Irati filma arrakastatsua, Josu Martinezen ‘Jon Mirande film bat egiteko zirriborroa’, Estibaliz Urresolaren '20.000 Erle Espezie' edota Alberto Vazquezen 'Unicorn Wars'. Aurtengo edizioaz mintzatu gira Joana Duhalde Zinegin elkarteko kidearekin.

Zimitz kirasdun marroien izurriak kalteak eragin ditu zenbait etxaldetan

Denen bistara dira, Asiatik heldu dira, etxeetan sartzen dira eta laborantzan izurritea dira. Zimitzetaz edo pürnaxetaz mintzo gara. Urrian normalki desagertuak beharko lukete egon, baina klima aldaketarekin, haien bizi eta ugalketa zikloa luzatu egin da. Horrek arrautza gehiago ezartzeko parada ematen die, eta esponentzialki espeziea biderkatzen doa. Oro har, haien bizi zikloan, hiru aldiz erruten dute zimitzek, aldi bakoitzean, 30 arrautza eginez. Zimitza mota guziak ez dira kaltegarriak, bai aldiz, zimitz kirasdun marroia edo "diabolikoa". Horiek urrin txarra ukaiteagatik ezagunak dira, eta fruta arbolak, artoa, tomateak edota soja atakatzen dituzte. Horretaz mintzatu gira Behaskaneko Gillen Etxeberri kiwi ekoizlearekin.

Eskola katolikoetan 500 ikaslek ikasiko dute murgiltze ereduan

Irakaskuntza sare katoliko elebidunak 30 ikasle irabazi ditu ikasturte berri honetan. 3.600 ikaslerekin sareak badu pixua, eta horietarik 500 ikaslek euskaraz murgilduko dira ama-eskolan, ikasleen %14 hain zuzen. Murgiltze hori ama-eskolatik at hedatzeko xedea agertu da sareko eskola batean ondoko urterako, Sébastien Irazoqui-k erran digunez. Elebitasun katolikoko misio karguduna da. Orotara sare katolikoko ikasleen %35 euskaraz ikasten du partez edo osoki.

Lau eguneko lan astea gero eta gehiago hedatzen ari da

Lau eguneko astea, eta hilabete sari berdina… Joan den urte hastapenetik, Bidarten, zaldientzako zelak ekoizten dituen Groupe Voltaire enpresak «lau, ehun, ehun» izeneko antolaketa plantan eman du. Ekoizpen helburu berdinak mantenduz, 90 langileek egun bat pausa gehiago dute astean. Plantan eman aintzin, 2022an lau hilabetez esperimentazioa egin dute. Lan erritmoaren aldetik, astean 35 orenetik 32 orenera pasatu dira, baina lan sari berdina mantenduz. Voltaire enpresako Bixente Oillarburu langilearekin mintzatu gara.

Miseriaren kontrako eguna: Iparraldeko biztanleen %13 pobrezian bizi da

Miseriaren kontrako nazioarteko eguna kari, hainbat ekitaldi antolatu dira Iparraldean, hala nola, Donapaleun, Hazparnen edota Baionan. Pobrezia, Ipar Euskal Herrian, %13ra heldu da. Hots 40.000 lagun. Hau da egitura sozialek asteburu honetan salatu duten errealitatea; izan ere, urtez urte, egoera okerrea egiten du. Atherbea elkarteak animazio, musika eta argazki erakusketa antolatu du astearte arratsaldean, Baionako herriko etxe aitzinean, herritarrak pobreziari buruz kontzientziako. Pantxika Ibarboure Atherbea elkarteko zuzendaria Goiz Berriko gomita izan da. Azken urteetan, beharretan diren pertsonen soslaia aldatzen ari dela erran digu.

AESH laguntzaileak lan-baldintza hobeen alde protestan

Gutxi baloratua den lanbidea da AESH haur elbarrituen laguntzaileena. Hilabete hastapenean, greba egin zuten haien lan baldintzak salatzeko. AESH lana, lan prekarioa dela deitoratzen dute aspalditik. 800 eta 1000 arteko soldatarekin, ezin dute 29 oren baino gehiago lan egin, klasean direlarik pagatuak baitira. Berriki, kontratu muga gabeak izenpetzera behartuak badira ere, gauzak ez direla hobetzen erran digu Garazi Amorenak. Badira bederatzi urte lan horretan ari dela, entzungo dugu ondoko berri sailean.

Pays basque au Cœur: digitalizatze bidean urrats hirukoitza

Ipar Euskal Herri barnealdeko merkataritza indartzeko sortu zen Pays Basque au Cœur 2007 urtean. Elkartearen egitasmo nagusia, sareko kide diren dendetan baliatzen ahal diren opari-txekeak dira. Baina orain, gazteenak erakartzeko txartel digtalak eskeiniko ditu hemendik aitzina, eta elkartearen webgune berritik ere, noiznahi eta nonahitik opariak egiten ahalko dira. Azkenik, opari-txekeak zein saltegitan erabiltzen ahal diren jakiteko aplikazio bat ere abiatu dute. Maialen Etchebest eta Claire Orabe Pays basque au Cœur elkarteko kideak izan dira Goiz Berriko gomitak.

Bidasoa ibaia hondakinez garbitu dute Lesaka eta Hondarribia artean

Bidasoa Ibaia Garbi ekimenak Bidasoa ibaiaren 20 kilometro garbitu dituzte. Hamarnaka herritarrek parte hartu dute ekinbidean. Birziklatu elkarteak deiturik, Lesakatik Hondarribira arte, ibai bazterretan edo uretan kayakekin aritu ziren lanean goiz osoan, eta ehunka kilo zikinkeria bildu zituzten. Gurpilak, kableak, hodiak, boteilak edo oheak atzeman zituzten besteak beste, eta garbitzeaz gain, kontzientziatzeko helburua ere bazuen jarduerak. Lapurdiko aldean, Bil Ta Garbi egiturak hartu zuen bere gain bildutako zikinen garraioa eta sailkatzea.