Interkonexio elektriko erraldoia eraiki nahi dute espainiar eta frantses Gobernuek, Bordale eta Bilbo artean. Proiektuak, ordea, kontrako iritziak eragin ditu, eta mobilizazioak biderkatu dira Bizkaian eta Landetan. Interkonexio egitasmoak 400 kilometroko luzera izanen du, lurpean eta itsaspean, 400.000 volteko gaitasunarekin. Horren bidez, bi Estatuen arteko energia trukaketak erraztu nahi dituzte. Frantziak energia nuklearra salduko dio Espainiari, eta energia berriztagarriak Espainiak Frantziari. Eraikuntza baimenak bidean dira, eta lanak urrian hasiko direla pentsatzen da 3.100 milioi euroko aitzinkontuarekin. Proiektuak ingurumenari eraginen dizkion kalteez ohartarazteko plataforma bat sortu dute Gatika (Bizkaia) herrian, eta Ipar Euskal Herritik ere CADE kolektiboak hurbiletik segituko du afera.
Oilarrak kantari taldeak bere 30 urteak ospatuko ditu Matalaz apaizaren pastoral ttipi bat eginez. 2013an, Xiru festibalaren karietara, Mixel Etxekoparrek sortu zuen Ederlezi pastoralaren gisako emanaldi bat izanen da, oilarrak taldeko kantari eta Musikalde taldeko musikariekin. Bernard Goihenetxe 'Matalaz' apeza, Xiberoako laborarien 1661ko matxinadako buruzagia izan zen. Urte horretan hil zuten Louis XIV.a Frantziako erregearen eta tokiko noblzeziaren zerbitzariek. Pastorala udaberrian estreinatuko dute; hori bai, udan Gamere-Zihigan eginen den pastoralari itzalik egin gabe.
Bizitegia elkarteak Kako etxea eskaini dio Lurzaindia laborantza lurren babeserako elkarteari. 2008 urtean eskuratu zuen Bizitegiak Kako etxea diru-bilketa kanpaina handi bati esker. Urte bat lehenago salgai eman zuten etxaldea, eta GFAM egiturak, gerora Lurzaindia izanen zenak, lur horiek ersoten entseatu zen, baina legea ez zuen alde. Oztopoa saihesteko sortu zuten Bizitegia elkartea. Ipar eta Hego Euskal Herriko diru emaitzei esker, ondare guzia erosi zuten. Orain, hamabost urte beranduago, Lurzaindiaren esku izanen da Ainharneko Kako etxaldea ofizialki. Bizitegia elkarteko Peio Iralur izan da gure Goiz Berriko gomita.
Atzo Diada Eguna bazen Katalunian, asteburuan Gure Esku plataformako kideak Xiberoa eta Nafarroa arteko mugan gaindi ziren, La Vuelta kari. Frantziako itzulian egin bezala, euskal ikurrak erakusteko eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko baliatu dute. Larraineko mugako pasabidea oraino hetsirik atxikitzen du frantses Gobernuak, baina La Vueltak ez du oztoporik ukan trabeskatzeko. Kontraerran hori gaitzetsi dute Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak eta Jean Dominique Iriart Larraineko auzapezak. La Vueltako txirrindulariak iragan ondotik, berriz hetsi du poliziak mugako pasabidea.
Maulek eta Nafarroako Erronkari ibarrak senidetze hitzarmena izenpetu eta bi urtera, bi eskualdeetako ekoizle zein eskulangileak elkartu dituzte igandean. Aro ederra lagun, jendea andana hurbildu da herriko plazara, merkatu horren lehen ediziora. Orotara hogei bat ekoizle izan dira, horien artean, garagardo, gazna, bixkotx, apaingarri eta espartina egileak. Horrez gain, pilota partida, dantzariak, musikariak eta herri bazkaria izan dira, betiere herritarren arteko harremanena sortzeko xedez. Goizean ere, tokiko eragileen mahai-ingurua antolatu dute, eta Pirionioetako bi aldeetan antzeko problematikak agertu dira, hala nola, basamortutzea eta etxebizitzaren prezioa.
Donostiako Kontxako bandera irabazi dute Arraun Lagunak taldeko Maider Bereau eta Joana Halsuet lapurtarrak. Aurten, gainera, Euskotren ligako txapeldun izan dira ere bai. Biak Lapurdiko LAT arraun taldean formatuak izan dira. Preseski, aste buru honetan, LATeko mutikoen sustengatzera joanen dira Bermeora eta Lekeitiora, lapurtarrak beste lau trainerurekin lehiatuko baita KAE-1 mailako Play Offen karietara. Lehen biak goi mailara hupatuko dira. LATekoek balentria sortzen badute , historikoa izanen da.
Sartze politikoa egin dute EH Bai eta EH Bildu alderdi politikoek, eskuz-esku, joan den larunbatean Hiriburun. Abertzaleek elkarlana nahi dute azkartu, Nazio izaera landuz, arlo sozial eta ekonomikoaren erronka, eta gaurko garaiko eztabaidak komunean emanez. Herri akordioen eskema bat nahi dute bultzatu elkarrekin aitzinatzeko, ezkerreko ikusmolde batekin. Urrats berri horrekin, tematika desberdinak nahi dituzte jorratu agenda eta lan ardatz partekatuak gogoetatzeko. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile orokorra gure gomita izanen da Goiz Berri saioan.
Memoria eta aldarrikapen eguna izan da larunbatean Amikuzeko hiriburuan. «Sekulan baino gehiago, gure izanetik aurkitu indarraz, bihar gu girena hazi» huna zein izan diren zabalik elkarteko presidentaren hitzak, Nafarroa Bizirik eguneko ekitaldi ofizialean. Goizean, hiru konferentzien bidez, nafar erresumako hamar mendeko historia eman dute argitara, eta ondotik ekitaldi ofiziala egin dute hautetsiekin, 1523ko agorrilaren 28ko Estatu Nagusiak bildu ziren toki berean, Donapaleuko San Paulo elizan. Bertan, oroimen plaka ezarria izan da, bost mende beranduago Nafarroako memoria, kultura eta hizkuntza zainduko direla zin egiteko. Arratsaldean berriz, nafar herriaren tragedia eta bizinahia kontatuak izan dira dantza, musika, kantua eta antzerkia uztartu dituen ikusgarriaren bidez.
Euskal Hirigune Elkargoak ekonomia iraunkorraren ikuspegia bultzatzeko hiru saio antolatu ditu. Lehena maiatzaren 8an iragan da Irabarnen (Xiberoa), «Berritu, gutiago kutsatzeko» izenburu pean. Bertan, berrikuntza ekonomikoa eta deskarbonizazioa izan dituzte hizpide. Xiberoako bi enpresaburuk beren esperientziak partekatu dituzte, saioan bildutako beste hamasei parte hartzaileekin, eta Hirigune Elkargoak bultzatu beharko lituzkeen laguntzez eztabaidatu zuten. Heldu den saioa Hazparnen izanen da irailaren 11an, eta ko-eraikuntza izanen dute ardatz. Biharamunean, aldiz, usaiako lanbideetan berritasunak nola garatu gogoetatuko dute Donazaharren.
- Mugarrien lasterketa: Hiru eguneko desafioa, Haur Eri elkartearen sustenguz
- Maitaldia festibala: Hamar egunez 30 dantza konpainia, 93 hitzordu eta 250 artista
- Peyuco Duhart kulturgunea estreinatu dute Donibane Lohitzunen
- Nafarroa bizirik: Donapaleu Nafarroako hiriburu izan zela gogoratuko dute
- Langileen kudeaketa eta ordezkapen sistema hizpide, laborari gazteen elkarretaratzean
- Iazko ikasle kopurua mantendu du Seaskak, goranzko joerarekin
- Urdazubin ospatuko da Ameriketara emigratu zuten artzainen besta
- Kanbo: Afterwork bat euskaraz, lan-harremanak sendotzeko
- Umorea eta giro ona Taldekako Xilabaren jo mugan