Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankua guziz baikor atera da bilketa asteburutik. 92 gunetan 1.000 laguntzaile baino gehiago ibili dira bilketa asteburu nagusiaren karietara. Urteko bilketaren %10 eskuratu dute horri esker.
Azaroaren 6, 7 eta 8ko bilketa nagusiko asteburua heldu aitzin beldur ziren Hazkurri Bankukoak usaian bezainbat bilduko zutenez. Izan erregai, izan elikagai, gauza guzien prezioak gora joan direnez, jende gero eta gehiago kasu egiten dio moltsari. Ipar Euskal Herriko bilketan, alta, ez du apaltzerik ikusi Hazkurri Bankuak. Kontrakoa, Leon Goiti elkarteko boluntarioak erren duenez, iaz baino pixka bat gehiago ere eman dute ipar euskalherritarrek.
2,6 milioi apairu
Urteko bilketa guziaren %10 bildu du Hazkurri Bankuak aste hondar bakarrean: 1.010 tona hazkurri. Horri esker lan soziala daramaten 40 bat elkarte laguntzen ahalko ditu. Jakinez, urte osoan 2,6 milioi apairu banatzen direla bilketa horretarik, Ipar Euskal Herrian. Leon Goitik oroitarazi du apairu horien baharra dutenen artean anitzak ez direla langabetuak: "Egun guziz lanean ari diren jendeak dira, langile pobreak. Ez baitute etxerik, edo apartamenturik lo egiteko... erran nahi du ez baduzu etxerik, ez duzula jatekorik".
Mila laguntzailez goiti aritu dira asteburuan Ipar Euskal Herriko 92 saltegi aitzinetan. Hauei gehi, azken hiruzpalau urte hauetan parte hartzen duten Dantxarineako bentetako bilketak. Laguntzaile sare zabala eta indartsua dauka Hazkurri Bankuak Ipar Euskal Herrian, beste eskualde batzuei konparatuz hori "abantaila" bat dela dio Goitik.
Kantaldi bat Hazkurri Bankuaren sustenguz
Azaroaren 15ean, igandean, kantaldi bat antolatu dute Baiona Iparreko Gurutze Sainduko elizan Hazkurri Bankuaren alde. kantuz eta musikan ariko diren taldeak hauek dira: Kanta Hergarai, Buhaminak, Aizkoa, Gospel Denbora, eta Valerie eta Xabi txalapartariak. Kantaldia, 17:00etan hasiko da.