Ziburu (Lapurdi)

1.400 bisitari zenbatu ditu Ziburuko disko eta liburu azokak, inoiz baino gehiago

Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokaren zazpigarren edizioak arrakasta handia izan du aurten, 41 argitaletxe eta diskoetxe bilduz eta euskal kulturaren erreferentziazko hitzordu gisa dela baieztatuz.

1.400 bisitari zenbatu ditu Ziburuko disko eta liburu azokak, inoiz baino gehiago
'Euskaraz Bagara' lelopean iragan da azokaren 7. edizioa. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/06/08 07:00

Larunbat honetan iragan da Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokaren zazpigarren edizioa. Urtez urte hazten joan den hitzordua da, eta gaur egun euskal literatura eta musikaren erreferentziazko plaza bihurtu da. Aurten, gainera, orain arteko ediziorik arrakastatsuena izan dela nabarmendu dute antolatzaileek, bisitari kopuru handia eta giro euskaltzale bizia uztartuz.
"Euskaraz bagara" lelopean, 41 argitaletxe, diskoetxe eta autoekoizle bildu dira Ziburuko plazan: horietatik 33 liburugintzaren arlokoak eta 8 musikaren arlokoak. Euskal Herri osotik hurbildutako sortzaile, argitaletxe eta irakurleek topagune paregabea izan dute egun osoan zehar. Orotara, egun osoan zehar, 1.400 bisitari inguru zenbatu dira, Ladix Arrosagarai antolatzaileak zehaztu duenez, "arrakastatsuena" izan da.

Egunean zehar hainbat kontzertu, liburu aurkezpen eta hitzaldi antolatu dira, kultur trukerako eta gogoetarako espazioak eskainiz. Aurten, gainera, Beñat Oiharzabal hizkuntzalari eta idazlea omendu dute, euskararen alde egindako ibilbidea aitortzeko. Horrek guztiak erakusten du Ziburuko Azoka euskal sorkuntzaren eta euskararen aldeko ezinbesteko hitzordu bilakatu dela.

Bestalde, Oinherri egitasmoak antolatutako jardunaldia ere izan da azokaren egitarauaren barnean. Euskal Herrian herri hezitzaileen filosofia sustatzen duen mugimenduak "Aisia hezitzaile, euskaldun eta inklusiboa elkarrekin eraikiz" proiektuaren emaitzak aurkeztu ditu, aisialdiaren eta hezkuntzaren inguruko hausnarketa partekatua sustatuz.

Interesgarri izanen zaizu