Baiona (Lapurdi)

20 eraso matxista salatu dituzte Baionako bestetan

Itaiak Herriko Etxearen isiltasuna salatu du, eta babesgunea erasotu dutela jakinarazi du.

20 eraso matxista salatu dituzte Baionako bestetan
Itaia antolakundearen elkarretaratzea igande goiz honetan Baionako Herriko Etxearen aitzinea. ITAIA
Mattin Lerissa
2026/07/19 13:03

Baionako Bestak hasi direnetik, 20 eraso matxista salatu dituzte. Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistaren arabera, aurtengo edizioa bereziki bortitza izaten ari da, eta Herriko Etxeari leporatu dio indarkeria matxistaren inguruan isilik egotea. Antolakundeak salatu du ezarritako protokoloa ez dela aski indarkeria matxistari buru egiteko, eta aurten polizia presentzia emendatu izana ere kritikatu du agiri baten bidez. Aldi berean, aldarri antifaxistak zituzten banderolak kentzea deitoratu du.

Itaiak aurten ere babesgunea antolatu du bestetan. Alta, larunbat gauean gizon talde batek babesgunea eta han ziren laguntzaileak mehatxatu eta iraindu zituela salatu du; ondorioz, gunea goizako hestera behartuak izan ziren. Matxismoaren kontrako borrokan segituko duela, eta herritarrak antolatzera deitu ditu antolakundeak.

Interesgarri izanen zaizu