Donostia (Hego EH)

‘24 orduak euskaraz’: lehen aldiz, egun oso batez entzun zen euskara irratian

Mende erdi bete da Donostiako eta Loiolako Herri Irratiek ekimen historiko hori burutu zutenetik: lehen aldiz, egun osoan, euskarazko programazioa eskaini zuten.

‘24 orduak euskaraz’: lehen aldiz, egun oso batez entzun zen euskara irratian
'24 orduak euskaraz' ekimena Donostiako Bolodromoan. ARTURO DELGADO
Mattin Lerissa
2026/03/29 08:35

Gaur egun arrunta da irratiak euskaraz entzutea, baina 1970eko hamarkadan egoera bestelakoa zen: komunikabideetan erdara nagusi zen, eta euskarak leku arrunt mugatua zuen. Testuinguru horretan, 1976ko martxoaren 27an, Loiolako eta Donostiako Herri Irratiek mugarri historikoa ezarri zuten, 24 orduz jarraian euskaraz emitituz.

“24 orduak euskaraz” egitasmoa ez zen egun bakarreko ekimen hutsa izan. Helburua argia zen: erakustea posible zela irratiak eguneko ordu guztietan euskaraz aritzea, eta etorkizuneko komunikabideen norabidea markatzea. Ekimenaren gibelean hainbat kazetari eta eragile izan ziren, eta trantsizio politikoak irekitzen hasi ziren aukerak baliatu zituzten.
Garain oraindik legeztatu gaben zen ikurriña erakusten. ARTURO DELGADO

Saioa antolatzeko, frankismoaren bukatzean onartutako Hizkuntza Erregionalen Dekretua erabili zuten oinarri juridiko gisa. Garai hartan, informazio askatasuna mugatua zen oraindik, eta komunikabideen auto-antolakuntza eta euskararen sustapena izan ziren egitasmoaren ardatz nagusiak.

Egun osoko programazioa prestatzea erronka handia izan zen. Baliabide gutxirekin, euskal kulturari lotutako eduki zabala osatu zuten: mahai inguruak, elkarrizketak eta kronikak, hainbat arlotako partaideekin. Saio batzuk aitzinetik grabatu zituzten, eta beste batzuk zuzenean eman, emisioari jarraikortasuna emanez.

Entzuleen erantzuna berehala senditu zen. Euskarak espazio publikoan zuen presentzia urria kontuan hartuta, egun oso batez irratiak euskaraz entzuteak oihartzun handia izan zuen, gizarte aldaketa baten seinale gisa.

Eguna Donostiako Anoetako belodromoan egindako jaialdi handi batekin bururatu zen. 12 000 jende pasa bildu ziren, eta euskal kulturaren erreferente nagusietako ainitzek parte hartu zuten: Artze anaiak, Jean Michel Bedaxagar, Lurdes Iriondo, Gorka Knörr, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lupe, Gontzal Mendibil, Oskarbi taldea eta Pantxoa eta Peio, besteak beste. Halaber, Laja eta Iturbide eta Sakabi eta Egañazpi trikitilari bikoteak aritu ziren, Iturengo ttuntturroek besta girotzen lagundu zuten, eta Baztango mutildantzek eman zioten amaiera.
Jean Mixel Bedaxagar eta Robert Duhalde. ARTURO DELGADO

Testuinguru politikoa oraindik zaila izan arren, eta ekitaldia baldintza zorrotzen pean egin behar izan bazen ere, egitasmoak arrasto sakona utzi zuen. Ondorengo urteetan euskarazko irrati eta telebistak garatzeko bidean erreferente bihurtu zen, eta gaur egungo egoera ulertzeko ezinbesteko pausoa izan zen. Euskarazko 24 ordu haiek erakutsi zuten posible zela, eta bidea ireki zuten etorkizunerako.
Lourdes Iriondo eta Lupe, gau hartako kontzertuan. ARTURO DELGADO

Interesgarri izanen zaizu