Atharratze (Xiberoa)

40 urte Korrika segitzen, Euskal Irratietan

Duela 40 urte, baliabide tekniko gutxirekin ere, Euskal Irratiek Korrikaren jarraipena egiten zuten, autoz eta kazetarien lanari esker.
Gaur egun teknologia aldatu bada ere, mezua bera da oraindik: euskararen alde, kilometroz kilometro.

40 urte Korrika segitzen, Euskal Irratietan
Jakes Agergaraik lekukoa Solange Chimixi ematen bigarren kilometroan. Atharratze, 1985. AEK
Esteban Bastié Aguerre
2026/03/20 10:56

Korrika atzo, ostegunez, abiatu zen Atharratzetik, duela 40 urte bezala. Izan ere, 1985eko laugarren Korrika ere handik abiatu zen, eta Nafarroaraino eraman zuen lekukoa etenik gabe, gau eta egun.

Gaur egun, segituan jasotzen ditugu Korrikaren irudiak: sare sozialen bidez, streaming bidez, edo irrati eta telebistako zuzeneko emanaldietan. Baina duela lau hamarkada, teknologia horiek ez zeuden: ez mugikorrik, ez internetik, ezta zuzeneko emisio errazik ere. Hala ere, Euskal Irratiek ahalegin handia egiten zuten Korrikaren berri emateko.

Garai hartan, Jakes Agergarai kazetariak —Xiberoko Botzako kidea— laugarren Korrikaren jarraipena egin zuen Atharratzetik bertatik. Antolaketa sinplea baina eraginkorra zen: gaur egun bezala, bi lagun joaten ziren autoan, lekukoa eta korrikalariak aitzinetik segituz. Bidean informazioa bildu, elkarrizketak egin, eta telefono kabina batera hurbiltzen ziren jasotakoa irratiari pasatzeko.

Funtsean, Korrika aldatu da, baliabideak ere bai… baina mezua bera da oraindik 40 urte beranduago: euskararen alde, kilometroz kilometro.

40 urte geroago, Korrika leku berean. AEK

Interesgarri izanen zaizu