Pandemia garaiko errekorra gainditu dute euskaraz argitaratzen diren hedabideek, eta 41 milioiko bisita kopurua gainditu dute. Euskal Hedabideen Behategiak Euskal Irratien Uztaritzeko estudioan aurkeztu du 2025eko urtekaria.
Euskal Hedabideen Behategiak urtero argitaratzen duen Hedabideen Urtekaria Euskal Irratien estudioetan egin da ostegun honetan. Keinu honen bidez, Ipar Euskal Herriko irrati sarearen egunerokoa eta erronkak, ezagutarazi nahi izan ditu Behategiak: azken urtean emandako urratsak irratien elkartea indartzen, webguneak berritzen, estrategia digitala diseinatzen, eta DAB+ sistemaren aurrean den erronka nabarmentzeko moduko gaiak dira, eta urtekariko artikuluan badira horretaz xehetasunak.
Behategiaren zereginak
Hori da, berez, Euskal Hedabideen Behategiak argitaratzen duen Urtekariaren zeregin nagusia: 2025ean emandako urratsen eta izandako zailtasunen berri ematea euskal hedabideen sektorean. Horrekin batera, gordailu lana ere egiten du Behategiak, aurrerantzean garai hau arakatu nahi duenarentzat informazio bilduma aberatsa osatuz. Hala adierazi digu Hibai Castro Egia Behategiko kideak. Euskal Irratietan egin den mahai inguruaren aurkezpenean, Hibai Castrorekin batera, Libe Mimenza Castillo Behategiko kideak ere parte hartu du. Hor ziren ere, Igor Astibia Teiletxea Hekimen elkarteko zuzendaria eta Lukas Hiriart Euskararen Erakunde Publikoko ordezkaria.
Iaz, euskara hutsezko hedabideek beste errekor bat lortu zuten web orrien audientzietan, COVID-19aren pandemia garaiko emaitzak gaindituz
Orotara 13 artikulu irakurgai dira Hedabideen Urtekarian, denak ere kazetaritzarekin lotuak. Libe Mimenza Castillo, Josu Amezaga Albizu eta Ane Martinez Juez Behategiko kideek eta EHUko NOR Ikerketa Taldeko kideek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen web trafikoaren analisia egiten dute. Mimenzak azaldu duenez, euskarazko webguneen bisita kopurua handitu da 2025ean. "Iaz, euskara hutsezko hedabideek beste errekor bat lortu zuten web orrien audientzietan, COVID-19aren pandemia garaiko emaitzak gaindituz", erran du unibertsitateko irakasleak, mahai inguruan, eta beste hau gehitu du: "41 milioi bisita pilatu ditu euskal hedabideen sektoreak".
Urtekariaren lehen artikuluak urtearen errepasoa egiten du eta euskarazko hedabideei loturiko gertakizun, erronka eta egitasmo nagusiak, aletzen ditu; bereziki azken diru laguntza deialdian zentratzen da Igor Astibia Teiletxea Hekimen elkarteko zuzendariaren testua, eta berak dioen bezala, esparru horretan egindako lanak fruitu batzuk eman ditu baina gabezia batzuk ere agerian geratu dira. Horretarako ezinbestekotzat jotzen du boteren publikoen laguntza emendatzea euskal hedabideentzat.