Departamenduko ardi esne interprofesioak bere biltzar nagusia 220 kideren presentziarekin egin du Urdiñarben. Esne prezioaren arranguraz gain, gazteei laborantxako gustuaren emateko lanbide foroetan parte hartzeko xedea aipatu dute aurten abiatzeko.
Aurten %5-ez emendatu dute Pirinio Atlantikoko departamentuan bildurik izan den esne kantitatea, orotara 64 milioi litrotara heltzeko.
Ardi esne interprofesioak bere biltzar nagusia egin du iragan ostiralean Urdiñarben. 220 kide bildu dira goizean, bazkari ondotik ardi zentroaren estreinaldira joateko. Azpimarratzekoa da aurten 40 urte ospatzen zituela ofizio artekoak.
Idortea jin bada, aitzinetik bazka ainitz bazuten kabaleek eta horrek eman du urte hatsarre on bat. 1.200 esne saltzaileen esnearekin 16 mila tona gasnatu dituzte departamenduko 10 bat gasna egile enpresek. Beren aldetik departamenduko 400 batek etxeen ekoizten dute, horiek 15 milioi bat litro gasnatu dituztelarik.
Halere laborari kopurua apalduz doa, urtero hogeita bost ardi esne ekoizle, horri buru egiteko gazteeri ofizioaren aurkeztera joaten hasi nahi dute aurten.