Baiona (Lapurdi)

Etxeko Xingar lehiaketarekin abiatu da Baionako Xingar Feria

Atzo abiatu da Baionako Xingar Feriaren 563. edizioa, eta urtero bezala, lehen eguna tradizioari lotuta hasi da, Etxeko Xingar lehiaketarekin.

Etxeko Xingar lehiaketarekin abiatu da Baionako Xingar Feria
Usaian bezala, merkatu plazan iragan da lehiaketa hau, musika eta giro alaian. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/04/24 07:45

Baionako Herriko Etxeak antolatzen duen hitzordu honek Baionako xingarraren sor-markaren sustengua eta ezagutza bermatzea du xede. Azpimarratzekoa da, gainera, 1998az geroztik Baionako xingarrak Jatorri Geografiko Babestua, IGP labela, duela.

Lau egunez, Roland Barthes gunea xingarzalez beteko da: 17 haragitegi eta gazitzaile bertan dira, beren produktuak dastatzeko eta erosteko aukera eskainiz. Gainera, bertan berean bazkaltzeko aukera ere bada. Antolatzaileek aurten ere jendetza espero dute: iaz bezala, 400.000 bisitari inguru lau egunetan. Eguna ongi hasi da ekoizleentzat; batzuek aitortu digutenez, iaz baino jende gehiago izan da goizetik.

Michel Istillar heletarrak irabazi du Etxeko Xingar lehiaketa

Horra ekoizleen eta merkatuaren aldetik. Baina, hala ere, lehen eguneko protagonista nagusia, zalantzarik gabe, Etxeko Xingar Lehiaketa da. Goizetik hasi eta eguerdira arte, merkatu plazan iragaten da lehiaketa hau, musika eta giro alaian. Xingarraren Kofradiako kideek egiten dute dastaketa eta hautaketa, eta ohiturari jarraituz, hezur baten bidez epaitzen dituzte xingarrak. Iaz Ameli Etxepare urepeldarra izan zen garaile, eta aurten ere eguerdi aldera jakin da epaimahaiaren erabakia.

Aurtengo edizioak badu jada bere palmaresa. Lehenik, aipamen berezi bat: Xingar Apaintzaile onenaren saria Daniel Tailleur bearnesak irabazi du. Sailkapenari dagokionez, hirugarren postuan Maitetxu Indauhalde aldudarrak amaitu du; bigarrenean Patrick Gueracague akamarretarra izan da; eta lehen postua Michel Istillar heletarrarentzat izan da. Azken honek, gainera, lehen aldiz parte hartzen zuen lehiaketan, eta hala ere garaipena eskuratu du. Lehiaketatik harago, eguneko beste une ikusgarrietako bat enkantea izan da. Michel Istillarren 14 kilo eta 700 gramoko xingarra 1.750 euroan saldu da.

Eta festak segitzen du. Xingarzale guztiek datozen egunetan ere aukera izanen dute Baionara hurbiltzeko, giroaz gozatzeko eta, nola ez, xingar onenak dastatzeko. Interesatuentzat, programa osoa hemen ikusgai da.

Xingar Feriako lehen eguna argazkitan
Xingar Feriako merkatua betea zen 11etan. EUSKAL IRRATIAK

Lehen postua Michel Istillar heletarrarentzat izan da. EUSKAL IRRATIAK

Patrick Gueracague akamarretarra bigarren postuan iritsi da. EUSKAL IRRATIAK

Maitetxu Indauhalde aldudarrak hirugarren postuan amaitu du. EUSKAL IRRATIAK

Interesgarri izanen zaizu