Ipar Euskal Herriko ikastetxe, guraso elkarte eta Seaskak kolektibo bat sortu dute AESH laguntzaileen eskasia salatzeko; gaur egun 154 haurrek ez dute beharrezko laguntzarik.
Ipar Euskal Herriko hainbat ikastetxek, guraso elkartek, Seaskak eta Chrysalide elkarteak kolektibo bateratua osatu dute, AESH laguntzaileen eskasia salatzeko. AESH dira desgaitasuna edo zailtasun bereziak dituzten haurren laguntzaileak, eta gaur egun kasik 2.800 ikaslek halako laguntza behar dute. Horietatik 154 haurrek ez dute laguntzailerik, eta beste askok ez dituzte behar adinako orduak jasotzen.
Kolektiboaren arabera, egoera “larria” da, eta azken urteetako aurrekontu murrizketen ondorio zuzena da. Peio Dufau diputatuak ohartarazi duenez, 2025eko aurrekontuetan aurreikusitako doikuntzek egoera are gehiago larrituko dute. Egoitz Urrutikoetxea, Seaskako kideak, adierazi du estatuak “bere betebeharra” bete behar duela, eta beharrezkoa bada salaketa bat aurkeztuko dutela. “Inklusioa ez da gastu bat, etorkizunerako inbertsioa da”, azpimarratu dute kolektiboko kideek.