Alain Iriartek bere hautagaitza aurkeztu du Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakari izateko

Hiriburuko auzapezak hautagaitza pertsonala dela azpimarratuz aurkeztu du bere proiektua, elkargoaren buru izateko. Interes orokorra lehenetsi nahi du eta eztabaida sustatu hautetsien artean. Hautatua bada, bere auzapez kargua utziko luke.

Alain Iriartek bere hautagaitza aurkeztu du Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakari izateko
Hiriburuko Lizaga Mediatekan Alain Iriart auzapezak aurkeztu du bere proiektua Euskal Hirigune elkargoarendako bere hautagaitzaren karietara elkargoaren burua hartzeko. EUSKAL IRRATIAK
Lorea Mailharrancin
2026/04/07 15:20

Alain Iriart Hiriburuko auzapezak bere hautagaitza aurkeztu du  Euskal Hirigune Elkargoaren presidente izateko. Bere hautagaitza aurkezteko momentuan, hautetsi anitzekin mintzatu dela azpimarratu du Hiriburuko auzapezak, eta 120 edo130 herritako ordezkarirekin jadanik izan dela, gehitu du. Batez ere, barnealdeko hautetsiekin, baita parean ukanen dituen Peio Etxeleku, eta Jean-René Etchegarai, gaur egungo presidentearekin.

Azpimarratu du hautagaitza pertsonala dela, ez alderdi politiko baten izenean, eta Hirigune Elkargoko interes orokorra lehenetsi nahi duela. Bere ideia politikoak baldin baditu ere, elkargo mailako proiektu bat garatu nahi duela non eztabaida nagusi den, azpimarratu du Iriartek. Bere ustez, elkargoak proiektu komunitarioetan oinarritu behar du, eta hautetsien arteko lankidetza eta eztabaida beharrezkoak bultzatu.

Etxebizitza eta mugikortasuna lehentasun nagusitzat ditu, baita lurraldearen arteko oreka ere: kostaldea, eremu ertaina eta barnealdea. Bereziki barnealdea dinamizatzeko beharra adierazi du, hala nola garapen ekonomikoa eta ekipamenduak indartuz. Ingurumena eta laborantza ere aipatu ditu, lur eremuak babestearen garrantzia azpimarratuz.

Hautatua balitz, bere auzapez kargua utziko luke Hiriburun, elkargoko presidente izateko bakarrik bere iduriko horrelako kargu handi batendako %100 ari behar baita eta elkargoaren interesaren alde osotasunean eta ez herri bakoitzaren interesaren arabera.

Interesgarri izanen zaizu