Angelu (Lapurdi)

Angeluko Cantau lizeoko eraikinak hustu dituzte bi orenez, bonba abisu faltsu baten ondorioz

Ici Pays Basque irratiak jakin duenez, 9:00ak aldera jaso dute alerta, eta 11:00ak arte lizeora sartzea eta bertatik ateratzea debekatu du poliziak, egoera argitu arte. Formakuntza profesionalean berezitua, 1.850 ikasle ditu Angeluko ikastetxeak.

Angeluko Cantau lizeoko eraikinak hustu dituzte bi orenez, bonba abisu faltsu baten ondorioz
Formakuntza profesionalean erreferentea da Lapurdin Angeluko lizeoa. CANTAU LIZEOA
Aimar Lopez Erasun
2026/04/21 10:58

Angeluko Cantau lizeoko ikasle eta irakasleak eraikinetatik kanpo, ikastetxeko parkean izan dira goizeko bederatzietatik hamaikak arte, bonba abisu bat jaso ondotik. Segituan agertu da polizia bertara, eta eraikin guztiak husteko agindua eman du, baina lizeoa ebakuatzeko eskatu gabe. Horren ordez, ikastetxea konfinatu dute, eta geroztik nehor ezin izan da atera, ezta sartu ere. 11:00ak aldera, eraikin guztietan bilaketak egin eta deus ez atzeman ondotik, neurriak altxa ditu poliziak eta abisua faltsua zela ebatzi.

30 formakuntza inguru eskaintzen ditu Cantau lizeoak, profesionalak gehienak, eraikuntza eta eskulanetan berezitua baita. Orotara, 88 klasetan banaturik 1.850 ikasle daude Cantaun; formakuntza asko alternantzian garatzen direnez, litekeena da gaur ikasle gutiago izatea lizeoan bertan.

Interesgarri izanen zaizu