Mahaut Fanchini ekologistak zuzenduko du taldea. EELV, PS eta PC alderdiek aliantza erdietsi dute. Nahi lituzkete ezkerreko indarrak bildu baina desadostasunez eztabaidatzen ari direla LFIko Intsumituak edo/ta EH BAIko abertzaleekin aitortu dute.
Mahaut Fanchini 37 urteko unibertsitateko irakasleak du taldea eramanen 2026ko herriko bozen karietara Angelun. Berdeek, sozialistek, komunistek eta alderdirik gabeko herritarrek dute taldea osatzen. Egitarau zabala nahi diete proposatu angeluarrei. Hortarako LFI Frantzia Intsumitua alderdiarekin edo/ta EH Baiko abertzaleekin eztabaidatzen ari direla ezkerreko alderdi guziak ber zerrendan izan daitezen azaldu digu Mahaut Fanchinik. Dio batzen dituzten gaiek aise gaina hartzen dietela bereizten dituztenei. Herriko konpetentzietarik kanpoko gaietan direla desadostasun handienak agertzen gehitu du.
Etxebizitza eta garapen iraunkorra ardatz nagusiak izanen dira programan
Etxebizitza da Anglet Ensemble taldearen lehentasuna Angeluarrek beren haurrak aterpetzeko xedez. 5 edo 45 urte izanik ere, denek etxebizitza atzeman behar luketela Angelun azpimarratu dute, erran nahi du arrazoizko prezioetako bizitegien eskaintza emendatu behar dela haien iduriko. Enpresa buruek ere aukera ukan behar luketela beren langileen gerizatzeko diote. Zerbitzu publikoko langileak aterpetu nahi dituzte ere, anitz jende lanean ari baita Angeluko Herriko Etxean eta Euskal Hirigune Elkargoan ere. Kontuan hartuz angeluarren hiruetarik batek 60 urte baino gehiago ukanen dituela 2030ean, artatzeko zerbitzuen beharra dutela angeluar frankok adierazi dute. Beraz Baionako Ospitalean edo beste leku batean ari diren erizain eta erizain laguntzaileek bizitegi baten beharra dutela ohartarazi du Anglet Ensemble talde ezkertiarrak.