Antton Kurutxarri: "Garaiko prefetaren onespenarekin onartu genuen orain debekatu nahi den testua"

Simon Fetet Departamentuko prefetaren osteguneko solasek, ez dutela ez hanka eta ez buru, dio Euskal Hirigune Elkargoko presidenteordeak. Hautetsiak izutzea duela xede, uste du Kurutxarrik.

Antton Kurutxarri: "Garaiko prefetaren onespenarekin onartu genuen orain debekatu nahi den testua"
Antton Kurutxarri Euskal Hirigune Elkargoko Euskara eta Kultura presidenteordea. EUSKAL IRRATIAK
Jose Luis Aizpuru
2026/10/02 16:09

Simon Fetet Departamentuko prefetak Pauen egin zuen prentsaurrekoan, argi adierazi zuen ostegun arratsaldean, herriko etxeek ezingo dutela baliatu beren mozioetan "ofizialki" terminoa. Oroit, jadanik, Ipar Euskal Herriko hamabost herritan, euskara lurraldeko hizkuntza gisara aitortzeko deliberoak bozkatu direla. Hauetariko zenbait herrik, 2018an Euskal Hirigune Elkargoak bozkatu zuen testu berdin berdina onartu dute, "ofizialki" euskara aitortzen delarik lurraldeko hizkuntza, frantsesarekin batera. Alta, prefetaren mehatxua eta auzibidearen berri ukan dute bost herriko etxek, eta ez Euskal Elkargoak. Antton Kurutxarri Euskal Elkargoko Hizkuntza eta Kultura presidenteordearen arabera, honek "ez du, ez hanka eta ez bururik".


"Elkargoak eta herriek gauza bera erraiten dute onartuak diren testuetan, leku berean, eta hitz berekin. Herri guztiek egin dugu 2018an Elkargoak egin zuen gauza berdina, eta informatikan erraiten den bezala, copier-coller. Beraz prefetak erraiten duenak ez du xutik egoteko kolorerik", azpimarratu du Baigorriko auzapez eta Elkargoko hautetsiak. Bere ustez prefetaren benetako nahikeria hautetsien beldurraraztea da. "Ni nago, ez ote dituen prefetak beste herri batzuk lotsarazi nahi, bai badaki beste herri batzuk oraindik bozkatu behar dituztela mozioak, eta behar bada, nahasmena sortu nahi du, duda sortzeko".

Herri guztiek egin dugu 2018an Elkargoak egin zuen gauza berdina, eta informatikan erraiten den bezala, copier-coller. Beraz prefetak erraiten duenak ez du xutik egoteko kolorerik


2018an Euskal Elkargoak ofizialki onartu zuen testuak, euskara eta gaskoina lurraldeko hizkuntza gisara aitortzetik zituen, baina, ez zien hizkuntza ofizialen tratamendua ematen, euskara ez baita ofiziala Frantzian. Antton Kurutxarriren ustez prefetak ez du auzi hau irabazteko neholako aukerarik, 2018ko testua, garaiko prefetarekin batera adostua izan baitzen. "2018an bozkatu zena beti bali da, garaiko prefetarekin batera adostua izan baitzen testua, beraz bada problema bat", uste du Antton Kurutxarrik.

Ni nago, ez ote dituen prefetak beste herri batzuk lotsarazi nahi, bai badaki beste herri batzuk oraindik bozkatu behar dituztela mozioak, eta behar bada, nahasmena sortu nahi du, duda sortzeko


Ofizialki euskara lurraldeko hizkuntza gisara aitortzen duen mozioak bozkatzen jarraitzeko deia egiten du elkargoko presidenteordeak. "Lasaiki segitu behar da bozkatzen, prefetak erraiten duena ez baita xuxen". Azaroaren 21ean Euskal Konfederazioak antolatzen duen manifestaziora jendea hurbilduko dela uste du. "Prefetak giro bat sortzen du justiziara eramanez herri franko, eta horrek sortarazten du tentsioa. Ene ustez jende ainitzek nahiko dio erakutsi atxikimendua euskarari manifestaldira joanez. Nonbait prefetak elikatzen du".


Prefetak giro bat sortzen du justiziara eramanez herri franko, eta horrek sortarazten du tentsioa. Ene ustez jende ainitzek nahiko dio erakutsi atxikimendua euskarari manifestaldira joanez. Nonbait prefetak elikatzen du

Entzun segidan Antton Kurutxarrirekin egin elkarrizketa osorik

Interesgarri izanen zaizu